Irati Elorrieta. Idazlea

«Irakurri egin daiteke hiria, testua irakurtzen dugun modu berean»

Pertsonaia eta istorio anitz josiz ondu du Irati Elorrietak bere bigarren eleberria: 'Neguko argiak'. Berlin da agertoki nagusia, eta adiskidetasuna, ardatzetako bat.

FALK WEISS.
Ane Eslava.
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Hamar urtez ontzen aritu den eleberria argitara atera du Irati Elorrieta idazleak (Algorta, Bizkaia, 1979), Pamiela etxearekin: Neguko argiak. Berlinen sortu eta kokatu du, eta hiria pertsonaia bat gehiago bihurtu du. Euskal Herritik Berlinera bizitzera joan diren bi emakumeren istorioak hari gisa hartuta, bere tokiaren bila joan-etorrian dabilen gazte talde baten unibertsoa eraiki du. Haien arteko harremana da nobelaren bizkarrezurra. Idazleak aitortu du lana amaitzeko beharra zuela: «Azkenean, pertsonaien obsesioak neure bihurtu ditut».

Hamar urteren ostean, oso zeure sentituko duzu eleberri hau.

Bai. Hamar urte hauetan ez naiz egon denbora guztian idazten, baina denbora luzean izan ditut pertsonaia hauek nirekin bizitzen, neure barruan. Haiek gero eta gehiago ezagutuz joan naiz: azkenean, pertsonaien obsesioak ere ezagutu ditut, eta neure bihurtu ditut. Beraz, oso hurbil sentitu dut nobela hau, baina gero eta behar handiagoa nuen amaitzeko.

Zure bizipenetatik abiatu duzu?

Niretzat, idazteko orduan, abiapuntua beti dira nire bizipenak; ezagutzen ditudan gauzak. Bestela, ezingo nuke idatzi. Zentzu horretan, bai, bizipen pertsonaletatik egin dut, baina horrek ez du esan nahi autobiografikoa denik. Nik, bizi izan ditudanetatik baino gehiago, neure obsesioetatik idazten ditut gauzak.

Pertsonaiak zurekin batera aldatuz joan dira urte hauetan?

Bai, uste dut haiek nirekin batera aldatuz joan direla. Nire bizitza aldatu da, eta gauzak ikusteko dudan modua ere bai. Aldaketa horiek lotura dute pertsonaiek izan dituzten aldaketekin.

Joxerra Garzia editoreak «ugaritasuna eta mestizajea» hitzekin definitu zuen lana. Bat zatoz horrekin?

Bai, nobela korala denez, pertsonaia asko eta istorio asko daude. Pertsonaia nagusia Añes da, baina niri ez zitzaidan interesatzen bakarrik bere barne mundua aztertzea; nahi nuen kolektibo baten barne mundua kontatu. Ikusten ditut pertsonaia guztiak gorputz batean, gorputz horren atalak bezala. Zentzu horretan, bai, ugaritasuna eta mestizajea da.

Pertsonaien sarea eta adiskidetasuna dira liburuaren ardatz nagusiak?

Nik esango nuke baietz. Pertsonaia eta hari asko daude, eta horietatik tira eginda osatzen da nobela. Eta pertsonaia horiek aukeratzen dute adiskidetasunari garrantzia ematea: harreman sareari. Nik ikusten dut adiskidetasuna espazio baten moduan, non bi pertsona elkartzen diren eta aukera sortzen den elkarrekin hitz egiteko. Solas hori garrantzitsua iruditzen zait, elkarrekin hitz egiteak sostengua ematen digulako.

Pertsonaia guztiek dute mamuren bat edo hausturaren bat.

Bai. Uste dut denok ditugula gure mamuak, eta liburuko pertsonaia gehienek berea dute; guztiek duten gauza bat da. Gero, bakoitzak bere moduak ditu horiekin bizitzeko.

Guztiak dabiltza mugimenduan. Beren tokiaren bila dabiltza?

Lekuaren bila ibiltze hori gai bat da, bai. Baina, bilaketa horretan, pertsonaia bakoitza estadio batean dago. Batzuek jada topatu egin dute beren lekua. Xuanek, adibidez, lan handia egin du bere lekua lortzeko, baina lortu du.

Joan-etorrian ibiltzea ezaugarri gisa duen belaunaldi baten erretratua da eleberria?

Belaunaldi esatea gehiegi iruditzen zait, baina talde baten erretratua da. Pentsatzen dut toki batetik bestera dabilen belaunaldi horretan beste hainbat istorio egongo direla nire liburuan ez direnak agertzen. Pertsonaia horiek leku bat izateko beharra dute, eta hori ez dakit den belaunaldi oso baten ezaugarria; ez dakit denek bilatzen duten leku bat.

Bikote harremanak ere agertzen dira, gehienak ez osasuntsuak.

Bai. Uste dut halako harreman toxikoak askotan daudela, eta jende asko egon daitekeela momenturen batean halako baten barruan. Halako harreman bat izateko,arriskua ez baita mugatzen ez klase sozial batera, ez maila akademiko batera, ez adin batera.

Garrantzi handia eman diozu Esteban pertsonaiari, hildako bati. Zergatik?

Erabaki baino gehiago, sentitzen dut gertatu zaidala: pertsonaia agertu zitzaidan, eta espazioa eskatu zuen nobelan. Hasieran ez nengoen oso prest espazio hori emateko, baina hasi nintzen probak egiten, eta azkenean, eman nion. Gero, nire erabakia izan zen toki hori kentzen joatea, eta esango nuke liburuaren momentu batetik aurrera desagertuz doala.

Añesentzat, Esteban da bere iragana ulertzeko bide bat?

Bai, Esteban pertsonaia ezin da ulertu Añesengandik kanpo, Añesen barruko entitate bat da. Eta Añes eramaten du bere bizitzako beste momentu batzuetara. Ekartzen dizkio modu obsesiboan bere aurreko bizitzako momentu batzuk, behartzen du horren inguruan pentsatzen jartzera, eta laguntzen dio gero bizi dituen gauza batzuk ulertzen.

Hiriek pisu handia dute liburuan, batez ere Berlinek. Pertsonaia bat dela esan daiteke?

Esan daiteke bai Berlin eta bai Paris beste pertsonaia batzuk direla. Hiria espazio bat da, eta testua bera ikusten badugu espazio bezala, loturak egin daitezke. Hau da, hirigintza prozesuetan, eraikin berri bat jartzen duzunean, pentsatu behar duzu non jarri, zer dagoen inguruan... Idaztea ere eraikin bat jartzea bezala da: non jarriko dut, zerekin lotuta... Horren haritik, nik lotura egiten dut testuaren eta hiriaren artean: hiria irakurri egin daiteke, testua irakurtzen dugun moduan.

Hiri paisaiek kontrastea egiten dute natur elementuekin. Modu kontzientean egin duzu?

Ez dut modu kontzientean egin, ez delako kontzepziotik edo aurretiazko plan batetik sortutako nobela bat. Uste dut hori datorrela nik hiria bizitzeko dudan modutik. Natura ez dagoelako bakarrik hiritik kanpo, hirian bertan ere badago, eta nik hala bizi dut.

Animalia batzuk modu metaforikoan agertzen dira: azeria, batik bat. Zer lortu nahi izan duzu?

Irakurtzerakoan, zerbaitek eramaten du irakurlea pentsatzera azeriaren presentzia metafora bat dela. Nik ez dut jarri metafora bezala, ez du zerbait zehatza esan nahi, baina ulertzen dut bere presentziak zabalik uzten duela interpretaziorako bidea. Niri hainbat ideia datozkit burura azeriarekin, perspektiba askotatik begiratu ahal zaio. Zerbaiten sinbolo direnak baino gehiago, zerbait iradoki ahal duten irudiak gustatzen zaizkit, eta batzuk obsesio bihurtzen zaizkit.

Eleberriak film baten antza du: eszena ugari, pasarte laburrak, irudien garrantzia...

Ez dakit nondik datorren nire idazteko moduak duen kutsu hori. Ez dakit den zinema asko ikusten dudalako, edo idazterakoan iruditan pentsatzen dudalako, eta irudien artean sortzen diren loturei jarraitzen diedalako... Nik, neure buruan, liburua ikusten dut pelikula bat bezala; beraz, pentsatzen dut paperera ere hala etorriko dela.

Nobela zinema, musika eta literatur erreferentziaz betea dago. Zein xederekin erabili dituzu?

Niretzat, entzun ditugun abestiak, irakurri ditugun liburuak edo ikusi ditugun filmak garenaren parte bihurtzen dira: gure oroitzapenen parte, gure gauzak ulertzeko moduaren parte. Horregatik sartzen ditut, pertsonaiei buruz pista batzuk ematen dituztelako. Pertsonaien nortasuna eraikitzeko modu bat dira.

Zerk eraman zaitu sartzera Parisko Komuna eta historiaren beste pasarte batzuk?

Irudietatik abiatzen naizenez, buruan nuen Martaren Parisko pisuan dagoen Napoleon III.aren karikaturaren irudia. Horri tiraka, jakin nuen Parisen txanpon batzuk egon zirela zirkulazioan, halako karikaturekin. Orduan, garai horretan sartu nintzen. Uste dut historiako gertaerek epe luzerako ondorioak dituztela, eta horrek materiala ematen duela literaturan loturak egiteko. Kasu honetan, Parisko Komunak espazio dezente hartzen du, baina badira beste hainbat ere: esaterako, Lehmann Brothers erori eta egun gutxira ezagutu zuen Martak Martin. Gertaera horretan ez naiz luzatzen, baina hamar urte pasatu dira ordutik, eta oraindik horren ondorioak ikusten ari gara.

Kulturen arteko elkarbizitza ere landu duzu; adibidez, Xuanekin. Berlinen bereizgarri bat da?

Berlinen beste kulturetako komunitate asko daude, eta, kasu honetan, nik Vietnametik etorritako pertsona baten istorioa kontatu dut, Xuanena. Baina Xuan ez nuen sortu kulturen arteko talka islatzeko asmoz; sortu nuen asko erakartzen ninduelako pertsonaia bezala. Denborarekin joan naiz ulertzen zer paper joka zezakeen nobelan. Gerratik ihesi zihoan jendetzaren irudien inpaktuarekin, eta 2015ean [Angela] Merkelen erabakiak sortu zuen zurrunbiloarekin, argi ikusi nuen Xuanen istorioa kontatu behar nuela, eta bere bizipen horiek garrantzi handiagoa behar zutela. Bestalde, uste dut kulturen arteko elkarbizitza ez dela bakarrik Berlingo errealitate bat: munduko parte honetako errealitate bat da.

Beste gai bat da pobrezia: Añesek gertutik ikusten du.

Hori errealitatearen alde deseroso bat da: oso hurbil dugu, ikusten dugu, baina oso zaila da errealitate horretako jendearekin kontaktua izatea. Añesek ez dauka kontaktu handirik kalean bizi den gizonarekin, eta nik ere hala bizi dut jende horren presentzia. Sotoko momentuan, gertuago duenean, egiten zaio hurbilegi bezala; ez daki zer egin, errealitate hori deserosoa delako, baina hor dago.

Zer bilakaera sentitu duzu Burbuilak lanetik honetara?

Burbuilak arintasunarekin idatzi nuen: kapituluak hasi eta bukatu egiten ziren. Eleberri honetan, nahiz eta zatika antolatuta egon, atalak ez dira solteak. Niretzat, erronka izan da horiek jostea, guztiek kontakizun bat osatzeko.

Beste lanik baduzu esku artean?

Urte hauetan guztietan, noizean behin, liburu honetako noten artean beste gauza batzuk sartzen ziren, beste liburu batzuk. Eta esaten nuen: «Orain ez, aurrerago». Orain, aukeratu behar dut zein hariri tiratuko diodan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.