Italiako Giroa

Kate guztiak askatu ditu

Mikel Landa Giroa irabazteko lehian sartu da berriro, 13. etapan erakustaldia emanda. Ilnur Zakarinek irabazi du, Mikel Nieveren aurretik

Kate guztiak askatu ditu.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Piztu da piztia. Bueltan da Mikel Landa (Movistar) onena. Herenegun egin zuen lehen imintzioa, Miguel Angel Lopezekin (Astana) batera urrutitik mugituta. Eta atzo guztiz berpiztu zen, Sarru lakuko igoera amaigabean. Helmugatik 15 kilometrora jo zuen erasoa, eta faboritoetako inork ezin izan zion ihardetsi. Aspaldi ez bezalako pedal kolpea erakutsi zuen, eta 1.37 kendu zizkien Primoz Roglici (Jumbo Visma) eta Vincenzo Nibaliri (Bahrain), sailkapenean ondoen kokatuta dauden faboritoei. Hala, nabarmen murriztu du erlojupekoetan pilatutako atzerapena: 2.43ra hurbildu zaio esloveniarrari. Hots, elastiko arrosaren borrokan sartu da berriz ere.

Ez zen Landa izan zeresana eman zuen Mikel bakarra, Nievek ere (Mitchelton) azken igoera ikusgarria egin baitzuen. Taldeak askatasuna eman zion etaparen ehizan murgiltzeko, batik bat azken kilometroetan Simon Yates liderra hondoratu ondotik. Taldeburuek kale egiten dutenean, leitzarrak beti ematen du pausoa aurrera, lan isil bezain eraginkorra eginez. Ohiko bide orriari jarraitu zion: eguneko ihesaldian sartu, eta, mendatez mendate, galbahe guztiak igaro zituen, batere zaratarik atera gabe. Azken kilometroetan erabat aletu zen lasterketa burua, eta bertan zen Nieve. Urrezko aukera zuen Giroan laugarrenez irabazteko, baina buruz burukoan menderatu egin zuen Ilnur Zakarinek (Katuxa).

Errusiarra ez zen izan ihesaldian sartu zen izen handi bakarra; bertan izan zen Bauke Mollema ere (Trek). Haiez gain, hautagai nagusien taldekidez josia egon zen aurreko multzoa. Guztira 28 ziklistak egin zuten ihes tropeletik. Nieverekin batera, beste bi euskal herritar sartu ziren: Ion Izagirre (Astana) eta Victor de la Parte (CCC). Colle de Lysen (13,7 km eta %6,8) finkatu zen ihesaldia, eta, orduan, mundu guztia eguneko azken-aurreko igoerara, Pian del Lupora (14,5km eta %7,1) begira jarri zen. Bezperako etaparen bilakaera ikusita, liderren mugimendu estrategiko ausartak espero ziren. Zubi lana egiteko txirrindulari ugari zituzten aurretik. Usteak ez ziren bete, ordea. Pello Bilbaok erritmoa bizitu zuen (Astana), baina liderrak ez ziren abiatu.

Ondo egin zuten indarrak gordeta, amaiera beldurgarria baitzuten zain Serru lakuan. Lasterketa mila zatitan apurtzeko aukera ematen zuen 20 kilometro eta oso amaiera gogorreko igoerak ia %9ko pendiza zuten azken sei kilometroek. Eta hala gertatu zen. Mendatea hasi eta berehala hamar ziklista gelditu ziren aurrean, eta Giulio Cicconek Mollemaren taldekideak emaniko estutuak are gehiago mehetu zuen ihesaldia. Zakarinek eta Nievek egin zuten aurrera Trekekoekin batera.

Hautagai nagusien multzoan, aldiz, Landak piztu zuen sua, eraso kementsu batekin. Igoerako lehen aldapetan jo zuen, helmugatik hamasei kilometrora, eta erabakimenez jo zuen, galtzeko gutxi zuela jakitun. Saiatu ziren Astana eta Bahrain tartea ixten; alferrik, baina. Egun handietako pedal kolpea zuen Landak, eta ziztuan igo zen heldulekuari azpitik helduta. Haren mugimenduak lurrikara eragin zuen. Yates atzean gelditu zen; Roglic eta Nibali, aldiz, elkarri begira. Miguel Angel Lopezek (Astana) matxura izan zuen, eta, geroago, aurrera egin zuten Rafal Majkak (Bora) eta Richard Carapazek (Movistar).

Ezusteko bi gonbidatu

Landa minutu bat baino gutxiagora hurbildu zitzaien Nieveri eta Zakarini, ihesaldiko azken bi kideei, baina amaieran pixka bat bete zen ahaleginaren eraginez. Azkenean, Zakarinentzat izan zen etapa, bigarren izan zen Nieve, eta hirugarren sartu zen Landa. Murgiarra zortzigarren da orain sailkapen nagusian, Jan Polanc liderrarekiko (UAE) 5.08ra. Halaber, nabarmen egin dute aurrera Zakarinek eta Mollemak: hirugarren jarri da bata, Roglicengandik 31 segundora; eta laugarren bestea, esloveniarra 41 segundora duela. Inork ez zituen sartu Giroa irabazteko hautagaien artean, baina kokapen paregabea dute gaur-gaurkoz. Aurkakoa gertatu zaie Lopezi eta Yatesi; faborito gisa hasi zuten lasterketa, baina pauso bat eman dute atzera.

Gaur ere mendateetan ibili beharko du tropelak. Etapa labur bezain bortitza izango da: 5.000 metrotik gorako desnibela metatuko da 131 kilometroan. Bost mendate igoko dituzte: Verrogne eta San Carlo lehen mailakoak, Verrayes eta Truc d'Arbe bigarren mailakoak, eta Courmayeur hirugarren mailakoa. Azken horretan egongo da helmuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.