Kanta gazteen lehen hegaldia

Juantxo Zeberio pianista eta musikagileak 'Xomorroak' disko berria aurkeztuko du gaur, Tolosan

Juantxo Zeberio musikagilea, atzean haur abesbatza duela. BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Juantxo Zeberio musikagileak (Tolosa, Gipuzkoa, 1968) haurrak kantuan jarri ditu: Donostiako Orfeoi Txikia eta Donostiako Orfeoi Gaztea izan ditu lagun bide berrian. 11 kantako Xomorroak diskoa egin dute, eta gaur aurkeztuko dute lana, Tolosako Leidor aretoan, 20:30ean.

Zeberiok aurretik ere egin izan du lan abesbatzekin, baina ez du bere burua abesbatza konpositoretzat: «Berez ez da nire mundua». Hala sortu zituen Umama!!, Umama 2 eta Eguberri Umama diskoak, jazza eta abesbatza musika uztartzen dituzten hiru proiektu berezi. Izan ere, jazz laukote batekin grabatu zuen azkena.

Oraingoan, bide berri bati ekin dio, eta haurrengana jo du horretarako. «Umeak dauzkat, eta, txikiak zirenean, ikastolako abesbatzan hasi zirenean, beti ibiltzen nintzen laguntzen. Tarteka, kanturen bat edo beste egin nien». Orain, umeak koskortu direla, ziklo hori itxi nahi izan du Zeberiok, «biribildu».

Lehenagotik eginda zituen moldaketa batzuk hartu, abesti berri batzuk sortu, eta Xomorroak osatu du. Abesti askok badute aurreko bizitza bat: diskoan ageri den Muxu bat kanta, esaterako, grabatua zuen aurreko disko batean. «Kantu batzuek hamar urteko ibilbidea daukate».

Euskal kanta ezagun batzuen moldaketak daude diskoan: Ken7 taldearen Gernikan eta Ilargia, Niko Etxarten Euskal Rock n' Roll eta Zea Maysen Negua joan da ta. Eginak zituen moldaketak baliatu ditu guztiak formatu bakarrean biltzeko. «Ez da izan 'sartuko ditut lau euskal kanta...': hor zeuden, eta kantatzen genituen».

Formazioa da abesti guztiak bildu eta diskoari «koherentzia» bat ematen diona: Donostiako Orfeoi Txikia eta Donostiako Orfeoi Gaztea aritu dira kantuan; Et Incarnatus orkestrak jarri du musika, eta zenbait musikarik ere hartu dute parte: Itsaso Etxebestek jo du baxua, Jon Arruebarrenak eta Gorka Benitezek saxoak eta flauta, eta Antton Telleriak bateria. Zeberiok berak pianoa jo du diskoan, musika zuzentzeaz gain.

Haurrekin lanean aritzeak «badauzka bere ertzak» Zeberiorentzat, baina esperientzia «gozagarria» izan da: «Ikaragarria da zer erraztasun daukaten ikasteko: espontaneotasun hori galarazten diegu pixkanaka». Zeberioren ustean, abesbatzetan haurrei irakasten zaiena bat-batekotasun horren kontra doa askotan, eta, hain zuzen, horrek egin du horren berezi diskoaren grabaketa.

Datorren urtean, bira

Diskoko abesti batetik hartuta, Xomorroak izena jarri dio diskoari. «Jendeak beti galdetzen dizu izenaz, baina ez dauka misterio handirik: izen bat jarri behar zitzaion, kantu batek izen hori dauka, eta oso iradokitzailea iruditu zitzaidan». Karlos Linazasororen testu batekin egina da Xomorroak kanta. Haur kantariak ere izan daitezke zomorroak: «Badira, neurri batean, etxean edo eskolan masa bat bezala dabiltzanean».

Alberto Letamendi margolariaren koadro bat da diskoaren azala, eta hark ere egin nahi dio erreferentzia izenburuari: «Gizarte bat irudikatzen du; egungo gizartearen kritika moduko bat da, baina, era berean, urrutitik ikusita, badu zomorro masa baten antza».

Gaur aurkeztuko dute diskoa, Tolosan, bertakoak baitira musikari gehienak. 20:30ean ariko dira Leidorren, eta, oraingoz, hori izango da diskoa aurkezteko egingo duten emanaldi bakarra. Halere, proiektuak izango du jarraipena: Zeberioren asmoa da datorren urtean emanaldiak egitea Euskal Herri osoan. Gutxienez hiriburuetan jo nahi du, baina kontzertu bakoitza berezia izango da: lurralde bakoitzean tokian tokiko abesbatzekin ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.