Ezin dira kexatu

Bidasoak eta Anaitasunak Benidorm eta Cuenca izango dituzte aurkari Espainiako Kopako final-laurdenetan, martxoaren 6an, Madrilen

Rodrigo Salinas Bidasoa taldeko eskuin albokoa, jaurtitzear, Anaitasunaren aurkako derbian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Pozik ziren Bidasoko eta Anaitasunako ordezkariak atzo Espainiako Kopako azkeneko fasearen zozketa amaitu zenean. Eta ez da gutxiagorako, hala egoteko arrazoiak baitituzte: aurkari zailenak saihestu zituzten biek. Irungo (Gipuzkoa) taldeak Benidorm izango du aurkari final-laurdenetan, eta Iruñekoak, Cuenca. Martxoaren 6an jokatuko dituzte bi neurketa horiek, Madrilen, hango Kaxa Magikoak hartuko baitu Kopa, martxoaren 6tik 8ra.

Asobal ligako lehen hiru sailkatuak saihestu dituzte Bidasoak eta Anaitasunak: Bartzelona, Ademar eta Logroño. Ez dituzte haiekin indarrak neurtuko, ez final-laurdenetan, ezta finalerdietan ere. Finalean bakarrik izan ditzakete aurkari. Izan ere, lehen kanporaketa gaindituz gero, bi euskal taldeek elkarren aurka jokatuko lukete finalerdietan, martxoaren 7an.

Baina, horretarako, Benidorm eta Cuenca kanporatu beharko dituzte. Asobal ligako lehen itzulian, Bidasoak 18-22 irabazi zuen Benidormen (Herrialde Katalanak), eta Anaitasunak 24-27 galdu zuen etxean, Cuencaren aurka. Hain zuzen, hurrengo bi asteetan izango dira berriro aurrez aurre: Bidasoa eta Benidorm Artalekun ariko dira datorren asteartean (20:15), eta Anaitasunak Cuencari egingo dio bisita martxoaren 1ean (12:00).

Hiru aste barru jokatuko dute Kopa, eta, ordura arte, buru-belarri ariko dira: Bidasoa, Asobal eta Txapeldunen ligatan, eta Anaitasuna ligan. Iruñeko taldeak gaur jokatuko du 17. jardunaldiko partida, Benidormen, 18:00etan. Bi puntu gehiago dituzte nafarrek.

Zuazok ere egon nahi du

Gizonezkoen Espainiako Kopa baino hilabete eta erdi geroago jokatuko da emakumezkoena, apirilaren 24tik 26ra, Alhaurin de la Torren (Espainia). Super Amara Bera Bera jada sailkatuta dago. Zubileta Evolution Zuazok, ordea, behetik gora egin beharko du han aritu nahi badu, hiru golen aldeaz galdu baitzuen Aula Valladoliden aurka final-zortzirenetako joaneko partidan, Lasesarren: 28-31. Gaur jokatuko dute bi taldeek itzuliko neurketa, Valladoliden (Espainia), 19:00etan. Kanporaketari buelta ematea da helburua, baina Joseba Rodriguez Haito-k entrenatutakoek ez dute erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.