Italiako Giroa

Ondo baino hobeto baliatu dute aukera

Ulissik irabazi du Giroko hamahirugarren etapa, esprintean. Almeida liderra bigarren izan da, eta sei segundoko gainsaria lortu du

Ondo baino hobeto baliatu dute aukera.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Sailkapen nagusiari begira aurtengo Giroaren norabidea markatzen has daitezkeen gaurko eta biharko etapen zain, atzokoa esprintean erabaki zen. Oraingo honetan ez zen Arnaud Demare (Groupama FDJ) gailendu, baizik eta Diego Ulissi (UAE). Bigarren garaipena lortu zuen aurtengo Giroan. Baina italiarrarentzat zortzigarrena da sorterriko lasterketarik handienean. Horrez gain, bada nabarmentzeko beste gauza bat: Joao Almeida liderra izan zen bigarren, eta sei segundoko saria lortu zuen. Hala, orain, 40 segundoren aldea du Wilco Keldermanekiko (Sunweb), eta 49 Pello Bilbaorekiko (Bahrain).

Peter Saganen (Bora) eta Demareren arteko buruz burukoa espero zen atzo. %20 arteko pendiza zuten azken bi igoerek Sagan egiten zuten faborito. Herenegun, eguraldia tarteko, Cesenaticon txirrindulariek egin behar izan zuten ahaleginaren ostean, etapa lasai hasi zen. Aukera aproposa zen ausartenek ihesaldi bat osatzeko. Zazpi txirrindularik lortu zuten hori: Geoffrey Bouchardek (AG2R), Simon Pellaud eta Simone Ravanellik (Androni), Rodrigo Contrerasek (Astana), Alessandro Tonellik (Bardiani), Harm Vanhouckek (Lotto Soudal) eta Lorenzo Rotak (Vini Zabu). Baina tropel nagusiak kontrolpean izan zituen une oro.

Haatik, egindako ahalegina ordainduz joan ziren. Erabakigarria izan zen Deceuninckek egin zuen lana ere. Pixkanaka, iheslari guztiak harrapatuz joan ziren. 26 kilometro falta zirenean, Calaone azken aldiz igotzen hasi aurretik, 20 txirrindularik talde bat osatu zuten. Han ziren faborito guztiak, baita Deceuninckeko lau txirrindulari ere: Almeida bera, James Knox, Fausto Masnada eta Mikkel Honore.

Sagan eta Demare jada atzean geratuta zeuden, eta liderraren taldeak ez zuen geratu nahi, hala Almeida gainsarien borrokan sartu ahal izateko. Hamazazpi kilometro falta zirenean harrapatu zuten azken iheslaria: Tonelli.

Baina Sagan ez zegoen amore emateko prest. Jonathan Castroviejoren (Ineos) taldean zetorren. Bizkaitarrari taldetik tiraka ikusi zitzaion. Saganek aurrera egiteko ahalegina egin zuen, baina hutsala izan zen oraingo honetan saiakera.

Demare eta Sagan gabe, hortzak ondo zorroztu zituzten aurrean zihoazen txirrindulari bizkorrenek. Horien artean Ulissik zuen aukera gehien. Hark ere ez du barkatzen, eta badaki bere aukera baliatzen esprintetan. Atzokoan ere hala egin zuen. Baina Almeidak ez zizkion gauzak erraz jarri. Izan ere, beldurrik gabe sartu zen esprintean. Jakitun dago hurrengo egunetan elastiko arrosa galtzeko aukera asko dituela, eta arriskatu egin zen. Baina, azkenean, Ulissik lortu zuen garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.