Luxurik gabe, aurrera

Realak Monakori irabazi nahi dio gaur Anoetan. Barrenetxea osatu da, baina txuri-urdinek bederatzi jokalari dauzkate min hartuta

Imanol Alguacil, atzo, Zubietan egindako entrenamenduan. MANIX DIAZ DE RADA / REAL SOCIEDAD.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Taldean oso garrantzitsuak diren makina bat jokalari gabe egin beharko dio Realak gaur aurre Monakori Anoetan, Europa ligako multzoen faseko bigarren jardunaldian. Jokalari horiek gabe irabazteko gai dela erakutsi dute txuri-urdinek Espainiako Ligan, eta daudenek maila gorenean lehiatzeko ahala dutela frogatu nahi dute Europa ligan ere. Ez dute erronka makala izango, aurkaria ez baita hala moduzkoa, baina argi utzi dute egoera zailetan ez direla kikiltzen.

Realak bederatzi jokalari dauzka min hartuta; tartean dira lehen taldeko hiru aurrelariak —Carlos Fernandez, Alexander Isak eta Alexander Sorloth— eta David Silva. Neurketak irabazteko ezinbestekoa da golak sartzea, eta, golegile petorik gabe, ez da erraza gola sartzea. Gipuzkoarrek, baina, Granadaren eta Elxen aurkako norgehiagoketan garbi utzi dute ez dutela aurrelarien beharrik golak sartzeko. Haiek gabe zailagoa da egitekoa, baina Imanol Alguacilek ez du uste hori aitzakiatzat har daitekeenik taldea ahulago dagoela esateko: «Dauzkadan jokalariekin egin beharko dut aurrera. Badakizue nolakoa naizen, horrek ez nau kezkatzen. Buruhausteak sortzen dizkidan gauza bakarra 11 jokalari aukeratzea da. Jokalari guztiak jokatzeko irrikaz daude. Taldea nortasun handiz lehiatu da. Gure partida egin eta Real on bat ikustea espero dut», esan du partida bezperan.

Lehen jardunaldian PSVren zelaian partida bizi eta neketsu batean bina berdindu ostean, donostiarrak bigarren dira multzoko sailkapenean, herbeheretarrekin berdinduta. Hiru puntu ditu gaurko aurkariak, Niko Kovacek zuzendutako taldeak lehen jardunaldian Sturm Graz mendean hartu baitzuen etxean: 1-0.

Mikel Oiartzabalek «berebiziko garrantzia» eman dio gaur irabazteari, lehen bi postuetatik ez urruntzeko. «Seguru» dago hiru puntuak etxean geratzeko «zaleen hauspoa gakoa» izango dela: «Zaleek puntu gehigarri bat ematen dizute. Zuk ezin duzunean, bultzatu egiten zaituzte. Asko ematen digute, baita guk haiei ere. Bion arteko konexioa ona bada, bi aldeek irabazten dugu».

Gakoa: baloia izatea

Monakok ez zuen ondo hasi Frantziako Liga, estreinako bi jardunaldietan galdu egin baitzuen. Hori gutxi balitz bezala, Txapeldunen Ligatik kanpo geratu zen, Xakhtar Donetsken aurka galduta. Baina bolada txar hori atzean utzita dator, jokatu dituen azken sei partidetatik lau irabazi baititu, eta bakarra galdu. Teknikari txuri-urdinak garbi du bere taldeak gauzak oso ondo egin beharko dituela aurkariari gailentzeko: «Oso entrenatzaile ona du Monakok, eta hark indar eta kalitate handiko taldea du. Baina guk erakutsi dugu egun ona izanez gero edozein azpiratzeko gai garela. Haiek gure jokamoldearen oso antzekoa erabiltzen dute. Hiru puntuak eskuratzeko gakoetako bat baloia edukitzea izango dela uste dut».

Monakori aurre egiteko 23 jokalari deitu ditu Imanolek. Bost partida galdu ostean, Ander Barrenetxea deialdian sartu du entrenatzaile oriotarrak. Reala B-ko Jon Karrikaburu aurrelaria ere zerrendan sartu du. Robin le Normand eta Mikel Merino ez ziren entrenatu atzo, baina, ondo bidean, gaur jokatzeko moduan izango dira.

REALA-MONAKO
Reala. Remiro; Zaldua; Aritz Elustondo, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Robert Navarro; Januzaj, Portu eta Oiartzabal.
Monako. Nubel; Sidibe, Badiaxile, Maripan, Caio Henrique; Txuameni, Fofana, Volland; Gelson Martins, Golovin eta Ben Yedder.
Epailea. Sergei Ivanov (Errusia).
Lekua. Anoeta (24.000 ikusle sar daitezke gaur).
Ordua. 18:45ean (Movistar Liga de Campeones).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.