Bigarrena, balekoa?

Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Rezusta elkarren aurka ariko dira gaur, Labriten. Irabazleak esku-eskura izango du finala jokatzea

Beñat Rezusta, Iker Irribarria, Jokin Altuna eta Julen Martija, asteartean, Labriten, pilota aukeraketan. ASPE.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hiru jardunaldi bakarrik dituen ligaxka batean, oso garrantzitsuak dira partida guztiak, baina zenbat eta gutxiago falta, orduan eta erabakigarriagoak dira. Halakoak dira gaur eta bihar Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkaren bigarren jardunaldian jokatuko dituzten lehiak: erabakigarriak.

Emaitzen arabera, bikote bat sailka daiteke finalerako. Altuna III.a-Martijak eta Irribarria-Rezustak bakarrik dute aukera horretarako. Lehen partida irabazi zuten biek, eta elkarren aurka jokatuko dute gaur, Iruñean.

Irabazleak esku-eskura izango du finala. Altuna III.a-Martijak irabaziz gero, finalean lirateke bihar Eibarren (Gipuzkoa) Elezkano II.a-Zabaletak Laso-Imazi nagusituz gero. Irribarria-Rezusta, berriz, finalean lirateke haiek irabazi eta Laso-Imazek beste horrenbeste eginez gero. Behin bakarrik ez da sailkatu bikote bat finalerako ligaxkako aurreneko bi partidak irabazi eta gero: Olaizola II.a-Imaz, 2018an. Azken hiru urteetan, berriz, finala jokatu dute lehen jardunaldian garaipena lortu zuten bi bikoteek.

Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Rezusta berdinduta daude binakako honetan: Irribarria-Rezustak irabazi zuten elkarren arteko aurreneko norgehiagoka, Bartzelonan (22-11), eta, Altuna III.a-Martijak bigarrena, Zallan (Bizkaia): 22-12.

Bi bikoteek adi erreparatuko diote bihar Astelenan gertatzen denari. Lehen neurketa galdu zuten bi bikoteak ariko dira: Elezkano II.a-Zabaleta eta Laso-Imaz. Irabazleak finala jokatzeko aukerari eutsiko dio. Galtzailea, berriz, ia aukerarik gabe geratuko da. Miraria beharko du, inoiz ez baita sailkatu finalerako lehen bi partidak galdu dituen bikotea. Ligaxkan, berdindu egin zuten: 22-11 irabazi zuten Aspekoek lehen partida, Iruñean, eta 22-15 Baikokoek bigarrena, Hendaian (Lapurdi).

Emakume Master Cup

Emakume Master Cupen bihar jokatuko dituzte Lehen Mailako pilota mistoko finalerdiak, Lezon (Gipuzkoa), 12:00etan hasita (ETB1). Lehen partidan, Amaia Aldaik eta Andrea Capellanek jokatuko dute Maddi Barrokalen eta Itxaso Erasunen aurka, eta bigarrenean, Olatz Arrizabalak eta Enara Gamindek Leire Garairen eta Ane Mendibururen kontra. Hilaren 27an jokatuko dute finala, Irunen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.