Usteak ez dira usteldu

Gipuzkoako bi pilota elkartek jokatuko dute Berria txapelketako finala, igande honetan, Hernanin: Lazkaoko LAPKEk eta Tolosak

Jokin Tolosa, Tolosa klubeko kadete mailako aurrelaria, pilota jotzear, Buruzgainen aurkako lehian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon eskudero
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Berria txapelketaren XVII. ekitaldiaren aurkezpenean bi pilota elkarteren izenak ibili ziren adituen ahotan: Lazkaoko LAPKE eta Tolosa. Bada, pronostikoek ez dute hutsik egin, Gipuzkoako bi klub horiek jokatuko baitute finala, igande honetan, Hernaniko pilotalekuan (Gipuzkoa). Lazkaotarrek Iruñeko Oberena kanporatu dute joan den asteburuan, dezente sufrituta: 1-2. Tolosarrek, berriz, Ultzamako Buruzgain hartu dute mendean (1-2), uste baino errazago, baina zoritxar batekin. Horiek hala, maila eta kalitate handiko finala espero da igande honetan.

HERNANIN
Oberena (Iruñea) 1
LAPKE (Lazkao) 2


Azken hamarkadan gehien hazi den elkartea da LAPKE, eta estreinakoz ariko da finalean. Ondo merezita, gainera, Oberenari ere nagusitasunez irabazi baitzion finalerdia. Jaialdiko lehen partidan, Lazkaoko Izagirre-Ibarluzeak 22-11 irabazi zieten Oberenako Sanchez-Santestebani. Kadeteen mailan Euskal Herriko lau pilotari onenetakoak kantxan izaki, lehia gogorra aurreikus zitekeen, eta usteek ez zuten hutsik egin. Lehen zati orekatua eta nekagarria izan zuen partidak (12-10), baina hortik aurrera sendoago agertu ziren gipuzkoarrak.

Gazte mailako norgehiagoka izan zen jaialdiko onena. Nor baino nor gehiago aritu ziren Zubizarreta-Telleria lazkaotarrak eta Sarasibar-Balerdi Oberenakoak. Atzeko koadroetan agindu egin zuen Balerdik, eta haren aginteari etekina atera zion Sarasibarrek. Parekotasuna izan zen nagusi azken txanpara arte (18-18). Baina Zubizarreta agertu zen une erabakigarrian. Ordura arte apur bat itzalita egon bazen ere, behar zenean bere mailaren berri eman zuen aurrelariak, eta haren lan onari esker 22-18 irabazi zuten gipuzkoarrek. Hala, nagusien mailan zazpi tanto egitea aski zuten LAPKEko Senar-Garmendiak Oberenako Mata-Aldaberen aurka. Ordea, latz kosta zitzaien. 15-6 atzetik ere joan ziren. Azkenerako 22-18 irabazi zuten nafarrek.

HERNANIN
Buruzgain (Ultzama) 1
Tolosa 2


Tolosak, berriz, ez zuen askorik sufritu finalerako sailkatzeko, lehen bi partidetan erabakita utzi baitzuen kanporaketa, Buruzgainen aurrean. Txapelketa honetan urrezko lerroetan ageri da Tolosaren izena, eta aurten ere badu motiborik koska gorenera igotzeko. Kadeteen mailan, Tolosako Tolosa-Castrok 22-12 irabazi zieten Burzgaineko Barberena-Gaskueri. Behetik gora nabarmen egin du azken hilabetean bikote gipuzkoarrak, eta finalerdiko tentsioak ez zion askorik eragin. Hasi eta buka, oso sendo jokatu zuten, eta aurkariak baino gehiago izan ziren. Nafarrak saiatu ziren tanto gehiago egiten, baina opari gehitxo egin zituzten.

Gazteen mailan ere 22-12 irabazi zioten Tolosako Amundarain- Gabirondok Ultzamako Mikelarena-Garañori. Lehia gogorra aurreikus zitekeen, baina, atzean ez zenez alderik egon, aurrean erabaki zen. Era guztietako tantoak egin zituen Amundarainek; hura izan zen onena. Beraz, nagusietan hiru tanto egin behar zituzten gipuzkoarrek finalean izateko, eta azkar lortu zuten helburua Elola- Aizpuruk Iriarte-Landiribarren kontra. Baina nafarrak 11-14 aurretik zirela, min hartu zuen Elola Tolosako aurrelariak, eta bertan behera utzi zuten partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.