Atarikoa, Labriten

Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak elkarren aurka jokatuko dute gaur Labriten. Irabazlea Altunaren kontra ariko da buruz buruko finalerdietan

Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdia, Lau eta Erdiko Txapelketan elkarren aurka jokatutako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Osasunaren Espainiako Kopako finalak hartuko du gaur gauean nafarren arreta, baina finaleko urduritasunak ahazteko aukera izango dute zaleek Labriten. Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria elkarren aurka ariko dira buruz buruko finalerdietarako sailkatzeko helburuarekin (17:15, ETB1). Jokin Altuna zain dute, eta Aspeko bi aurrelarietako bat izango da amezketarraren aurkaria.

Aspaldiko lagunak dira Ezkurdia eta Peio Etxeberria. 41 kilometrok banatzen dituzte Arbizu eta Zenotz (Nafarroa), eta ederki ezagutzen dute elkar. Elkarrekin entrenatzen dira, eta askotan aipatu dute ordu asko pasatzen dituztela elkarrekin. Horrek berezi egingo du partida, baina ez zaie arraroa egingo; azken urteetan hainbatetan jokatu dute elkarren aurka. Orain ez asko izan zen azkena. Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan neurtu zituzten indarrak, eta orduan Ezkurdia nagusitu zen. Partida hura ere Labriten jokatu zen, eta 22-16 irabazi zuen Arbizukoak. Hala ere, lau eta erdikoak eta buruz burukoak ez dute zerikusirik. Neurri motzean Ezkurdiak irabazi ditu lehia guztiak, baina gaur izango da buruz burukoan indarrak neurtuko dituzten lehen aldia. Hortaz, lagunen arteko lehia izango da, baina ez lagunartekoa.

Asteazkenean egin zuten Aspeko bi pilotariek pilota aukeraketa, eta gustura gelditu ziren hautatutako materialarekin. Partidari dagokionez, bere burua «prest» ikusten duela esan zuen Ezkurdiak: «Aurreko astean entrenamendu ona egin nuen frontoian, eta normal aritu nintzen. Gogotsu eta ilusioz nago». Peio Etxeberriak, berriz, «neurketa gogorra» izango zela aurreratu zuen: «Partida zaila izango dut, eta dena oso ondo egin beharko dut irabazteko». Argi utzi zuen Ezkurdia ez dela txapelketa hasi zuen bera: «Darioren aurka ez zuen bere onena eman askogatik; eta orduan baino askoz hobeto dago orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.