Caixabank Masters txapelketa hilaren 16an hasiko da, Zaldibarren

Aspeko eta Baikoko zortzi bikote misto osatu dituzte. Gasteizen izango da finala, Ogetan

Masters txapelketaren aurkezpena, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Gasteiz
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Caixabank Masters txapelketa aurkeztu dute Goiuri jauregian (Gasteiz). Libia Lopez Gasteizko Udaleko zinegotziak, Gorka Arana Caixabankeko arduradunak, Unai Iglesias Baikoko zuzendari komertzialak eta Inaxio Errandonea Aspekoak azaldu dituzte txapelketaren nondik norakoak. Hilaren 16an hasiko da, Zaldibarko (Bizkaia) frontoian, eta Olaizola II.a-Zabaleta eta Jaka-Tolosa ariko dira nor gehiago. Txapelketak uda osoa iraungo du, eta Gasteizko Ogeta frontoian emango diote amaiera. Han jokatuko da finala, irailaren 19an.

Bigarrenez antolatu dute Masters txapelketa, eta aurreko aldian bezala, Baikoko eta Aspeko pilotariek bikote mistoak osatuko dituzte. Hauek izango dira bikoteak: Altuna II.a-Aranguren, Elezkano II.a-Mariezkurrena II.a, Ezkurdia-Imaz, Jaka-Tolosa, Olaizola II.a-Zabaleta, Peio Etxeberria-Albisu, Peña II.a-Rezusta, eta Urrutikoetxea-Martija. Lehenik, ligaxka batean lehiatuko dira: denak denen aurka arituko dira. Guztira, bikoteek zazpi partida jokatuko dituzte, eta irabazitako partida bakoitzak puntu bat balioko du. Hortik, lehen eta bigarren postua eskuratzen duten bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira zuzenean. Beste guztiek, berriz, kanporaketak jokatuko dituzte: ligaxkako hirugarren sailkatuek seigarrenen aurka, eta laugarren sailkatuek bosgarrenen aurka. Kanporaketa horiek irabazten dituztenak finalerdietarako sailkatuko dira. Ligaxkan postu txarrena eskuratzen duen bikoteak lehen sailkatuen aurka jokatuko du, eta, aldiz, ligaxkan postu hoberena lortzen dutenek, bigarren sailkatuen kontra.

Jaka bueltan, Laso kanpoan

Pilotarien artean, Tolosa da nobedadeetako bat. Atzelariak aukera ezin hobea izango du lehenengo mailako pilotarien aurka jokatzeko: «Sekula ez dut parte hartu horrelako txapelketa batean. Ea nire maila emateko aukera dudan». Txapelketa gogorra izango dela uste du: «Kanporaketetan sartzen ahaleginduko gara». Jaka izango du bikote. Lizartzakoa bi hilabetez egon da lesionatuta; Maiatzaren 5ean Bizkaiako Bilbo frontoian jokatu zuen azkenekoz: aurrelariak Binakako Txapelketako lehenengo lehia utzi behar izan zuen perikarditisa medio —bihotza inguratzen duen ehunaren hantura—. Jakari luze joan zaizkiohilabete hauek, eta oraindik ez da ziurra jokatzeko moduan egongo den ala ez: «Azkeneko zalantzak ditugu, baina egun hauetan erabakiko dugu nola nagoen. Baikorra naiz;ondo ikusten dut neure burua».

Peio Etxeberria ere arituko da Masters txapelketan. San Fermin torneoko txapeldunak Albisurekinosatuko du bikotea: «Atzelari hoberenen artean dago Albisu». Horrez gain, Aspeko pilotariak adierazi du «bikoteak mailakatuta» daudela.

Ez daudenen artean, Lasoren kasua da deigarriena. Baikoko zuzendari komertzialak hau esan du: «Norbait geratu behar da kanpoan, eta Lasok ere izango ditu aukerak». Bengoetxea eta Agirre ere kanpoan geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.