Italiako Giroa

Xedea gertu, eta ametsa ez du baztertu

Landak hirugarren postua kendu dio Almeidari Giroan. Etapa biribila izan da Bahrainentzat, Buitragok lortu baitu garaipena, ihesean

Santiago Buitrago Bahraingo txirrindularia atzo lortutako garaipena ospatzen. MAURIZIO BRAMBATTI / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Giroko podiumera igotzeko helburua hurbilago du Mikel Landak (Bahrain). Erasoari lotu zitzaion 17. etapan, bezperan bezala, eta hirugarren jarri zen sailkapenean: 1.04 atera zion Joao Almeidari (UAE), eta harekiko 49 segundoren aldea du orain. Portugaldarrak estu har lezake igandeko erlojupekoan, baina arabarrari mendiko beste bi etapa gelditzen zaizkio alde hori handitzeko, eta, zergatik ez, maglia arrosa bereganatzen saiatzeko. Atzo oldarkor aritu zen berriro, baina itzal bat bezala itsatsi zitzaizkion sailkapenean aurretik dituen bi txirrindulariak: Jai Hindley (Bora) eta Richard Carapaz (Ineos), lasterketako liderra. Gainera, esprintean sei segundo atera zizkioten. Ekuadortarra gailendu zen azken estutuan, baina gainsaririk ez zegoen jokoan. Alta, amets egiteko eskubidea irabazi du Landak.

Pozarren egoteko moduan da Bahrain taldea, arabarra ondo ari delako, eta Lavaroneko helmugan Santiago Buitragok altxatu zituelako besoak. Une txar bat izan zuen hastapenean, lurrera joan baitzen. Haatik, altxatu eta osatu egin zen. Gainera, garaitu egin zituen ihesaldiko aurkariak. Bigarren Gijs Leemreize (Jumbo Visma) izan zen, eta hirugarren, Jan Hirt (Intermarche), aurreko etapako irabazlea. Buitragori garaipenak gutxirengatik egin zion ihes igandean, baina atzo ez zuen hutsik egin. Carapaz eta Hindley 2.53ra iritsi ziren, bosgarren eta seigarren postuan, eta Landa hamargarren izan zen, 2.59ra. Bilbaok 5.21eko atzerapena izan zuen, baina postu bat egin zuen aurrera nagusian: seigarren dago orain, 6.19ra.

Euripean, eta maldan gora hasi zuten etapa txirrindulariek, Passo del Tonalera bidean. Han izan ziren lehen erasoak ihesaldia osatzeko, eta, azkenean, 25 txirrindulariko multzo bat egonkortu zen lasterketa buruan. Lauk aurrea hartu zuten Vetriolora (11,8 kilometro eta %7,7ko pendiza) iritsi aurretik: Mathieu van der Poelek (Alpecin), Felix Gallek (Ag2r), Alessandro Covik (UAE) eta Guillaume Martinek (Cofidis). Mendatea hastean, 1.20ren aldea zuten ihesaldiko besteekin; tropela, berriz, zazpi minutuko atzerapenarekin zen, helmugarako 44 kilometroren faltan. Etapa garaipenari muzin egin zioten, berriz ere, Giroko indartsuenek.

Covi ezinean gelditu zen lasterketa buruan, eta aurrekoekin bat egin zuten Buitragok, Hirtek (Intermarche), Hugh Carthyk (Education First), Koen Bouwmanek (Jumbo Visma) eta Mauri Vansevenantek (Quick Step). Hortik gutxira, Leemreize batu zitzaien. Hots, bederatzi txirrindulari nabarmendu ziren eguneko ihesaldian. Gailurrera Bouwman iritsi zen aurrena, eta hala, sendotu egin zuen mendiko sailkapeneko lidergoa. Tropelak, berriz, bost minutu geroago harrapatu zuen gaina, Bahrainen lemapean. Ekimena Landaren taldekideek hartu zuten berriz ere, baina ez zen urruneko erasorik izan. Onenek azken mendaterako utzi zuten onena.

Almeidaren komeriak

Monterovere zen, hain zuzen ere, etapako azken zailtasuna (8 kilometro eta %9,9). Hara buruan heldu ziren Van der Poel eta Leemreize, maldan behera minutu eta erdiko tartea ireki ostean. Alpecinekoak eraso egin zuen helmugarako 15 kilometroren faltan. Ezin da geldirik egon, Giro honetan behin eta berriz erakusten ari den bezala. Maldak gogorregiak ziren harentzat. Grabitatearen aurkako borroka zen. Tinko eutsi zion aldeari hasiera batean; alabaina, begi bistan mantendu zuen Leemreizek, eta gainditu egin zuen azkenerako. Atzerago, ziztuan atera zen Buitrago, eta gora iritsi baino apur bat lehenago egin zuen bat lasterketa buruarekin. Arnasa hartu, hankei atseden pixka bat eman, eta bizi abiatu zen azken aldapan. Kosta ahala kosta eutsi nahi izan zion Leemreizek, baina lehertu egin zen. Zortzi kilometro gelditzen ziren helmugarako, gorabeheran, eta garaipenak ez zion ihes egin kolonbiarrari.

Indartsuenen artean, Almeida gurpiletik kanpo gelditu zen berandu gabe. Hori, berez, ez da albistea, etapa menditsu guztietan ibili baita gisa berean. Jarraika dabil beti, baina nekez askatzen du soka. Atzo, aldiz, ezin izan zion tarteari eutsi. Aurrera egin zuten, beste behin, Landak, Carapazek eta Hindleyk. Landa izan zen erasokorrena, eta inguruan izan zuen Wout Poels taldekidea, erritmoa jartzen laguntzeko. Nolanahi ere, beste biek irmoki ihardetsi zioten arabarrari. Indarrak oso paretsu daude hiruren artean; oraingoz, behintzat. Carapazek hiru segundora du Hindley, 1.05era Landa, 1.54ra Almeida, eta 5.48ra Vincenzo Nibali (Astana).

Gaur 177 kilometroko etapa laua jokatuko da Borgo Valsugana eta Treviso artean. Esprintean erabaki liteke, betiere azkarrenen taldeek lasterketa kontrolatzeko nahikoa indar badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.