Italiako Giroa

Tourrari begietara begira

Italiako Giroa bihar hasiko da, Bolognan, eta, Chris Froome iazko irabazleak parte hartuko ez duen arren, faborito zerrenda oso luzea da. Mendate gogor gehienak azken astean pilatu dituzte

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Arrosa da Italiako Giroko kolorea. Arrosa da liderraren elastikoa, arrosa ikurra, eta italiarrek arrosaz apaintzen dituzte bide bazterrak. Lasterketa monokromatikoa dirudi askotan, baina azken urteetan aldatu egin da joera hori. Ez estetikarengatik, parte hartzaileengatik baizik, alde horretatik kolore gehien duen itzuli handia bilakatu baita. Gero eta gehiago dira Giroaren aldeko apustu egiten duten txirrindulari handiak, eta, aurten, joera hori areagotu egin da. Egon da Giroak Tourrak baino parte hartzaile zerrenda hobeagoa duela esatera ausartu denik, eta ez dirudi sakrilegioa. Grande Boucle-ari begietara begiratzeko moduko kartak ditu, eta hori azken orduko hutsuneak kontuan hartuta.

Azken urteetako Tourrak baino irekiagoa dirudi behintzat, sei baitira gutxienez faboritoen zerrendan ageri diren izenak. Hala ere, Chris Froome (Ineos) iazko irabazlea ez da egongo Bolognako irteeta marran. Iaz diru eskaintza on batek eraman zuen Girora, baina gero Frantziako Tourrean ordaindu zuen Italiako nekea. Haren ordez, Ineosek Hegan Bernal kolonbiar gaztearen aldeko apustua egita erabaki zuen, eta faboritoen zerrendara gehitu beharrekoa zen hori ere, baina iragan astean lepauztaia hautsi zuen. Alejandro Valverde (Movistar) munduko txapelduna ere ez da ariko. Sailkapen nagusiko lehiatik kanpo zirudien, baina hura beti da ikuskizuna emateko gai. Ezta Fabio Aru ere (UAE). Sardiniako igotzaileari odol-zirkulazio arazo bat aurkitu diote e zangoetako bateko zainetan, eta Girora joateko asmoa atzeratu behar izan du.

Hutsune nabarmenak dira guztiak, baina horrela ere ez du galtzen distirarik parte hartzaileen zerrenda ikusgarriak. Sei izen ageri dira besteen gainetik: Tom Dumoulin (Sunweb), Primoz Roglic (Jumbo), Miguel Angel Lopez (Astana), Vincenzo Nibali (Bahrain), Simon Yates (Mitchelton-Scott) eta Mikel Landa (Movistar). Seietatik bik bakarrik dakite zer den Giroa irabaztea. Esan bezala, ez da iazko irabazlea errepikatuko; hori, baina, ez da berria, Miguel Indurain izan baitzen Giroa bi urtez jarraian irabazi zuen azkena (1991 eta 1992). Azken hamar urteetan bederatzi irabazle izan ditu, eta 21 txirrindulari igo dira podiumera.

Esprinterrak ere pozik

Giroko ibilbideak 3.519 kilometro, bi etapa bloke handi, eta hiru erlojupeko ditu. Bakarkako saio batekin hasiko da, beste batekin bukatu, eta beste bat du bederatzigarren etapan. Guztira, erlojupeko ia hirurogei kilometro dira. Hori bai, ez dira erlojupeko lauak, gogorrak baizik, gorabeheraz jositakoak. Espezialista handiek mina egingo dute, baina pentsa daitekeen baino gutxiago.

Faboritoak erlojupekoetara begira egongo dira, baina esprinterrek sei etapa apropos izango dituzte eurentzat. Hasierako bloke lau horren arrazoia Peter Sagan (Bora) erakartzea zela zabaldu zen Italian, izar ehizaren joera muturrera eramanez. Saganek, baina, ez du amua irentsi. Hala ere, duelu ikusgarria ikusiko da Elia Viviani (Deceunick-Quick Step) eta Fernando Gaviriaren (UAE) artean. Pastel zati handia dute banatzeko, eta litekeena da biek altxatzea besoak helmugaren batean. Tarte horretan omenaldia egingo diote Fausto Coppiri haren jaiotzaren mendeurrenean. 11. etapa Novi Liguren (Italia) bukatuko da. Coppi handiak harakin jardun zuen bertan txirrindulari izan aurretik. Hurrengo egunean, Cuneo-Pinerolo etapan, Coppik 1949an bertan eginiko balentria omenduko dute. Egun hartan, 11 minuturen aldea atera zion Gino Bartaliri. Ez da ibilbide bera, baina egun hartan igo zituen mendateetako bi sartu dituzte.

Hortik aurrerakoak Coppiren oso gustukoak lirateke, aldaparik ez baita faltako. Guztira zailtasun ertaineko zazpi egun egongo dira, eta bost mendiko etapa peto. Bost dira, halaber, goian bukatuko diren etapak. Maiatzaren 25ean iritsiko da bost izarreko lehen etapa: 131 kilometro eta 4.000 metroko desnibela. Hurrengo egunean, Giroko ibilbide luzeena kokatu dute: 237 kilometro.

Azken txanpa hilaren 28an hasiko da, Lovere eta Ponte di Legnoko arteko etapan.226 kilometro ditu, eta 5.600 metroko desnibela. Presolana, Croce di Salven, Gavia eta Mortirolo igoko dituzte. Ondoren, gorabeheraz beteriko bi egun izango dituzte, Dolomitetara iritsi aurretik. Hemeretzigarren etapak5.000 metroko desnibela du, eta lau mendate: Cima Campo, Manghen Pass, Rolle Pass eta Croce d'Aune-Monte Avena. Hogeigarrenak, aldiz, bakarra, San Martino di Castrozza, baina bertan dago helmuga. Eta, ondoren, bukatzeko, Veronako erlojupekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.