Azken urteetako lepotik burua

Abelardoren bidetik jarraitu nahi du Asier Garitanok Alavesen. Urte baterako kontratua sinatu du
Alfonso Fernandez de Troconiz, Asier Garitano eta Sergio Fernandez, atzo eginiko aurkezpen ekitaldian.
Alfonso Fernandez de Troconiz, Asier Garitano eta Sergio Fernandez, atzo eginiko aurkezpen ekitaldian. J. FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko maiatzak 22

Iraultzarik ez. Asier Garitanok (Bergara, Gipuzkoa, 1969) ondo ezagutzen du bere etxe berria, eta azken urteetan osaturiko oinarriaren gainean eraikiko du bere Alaves. Ez du konplexurik aurrekoek eginiko lan ona goratu, eta haien arrastoan jarraituko duela onartzeko. «Gauzak ondo egiten ari dira Alavesen, azken urteetako lanari segida eman behar zaio», esan zuen atzo bere aurkezpenean. Bergararrak urte baterako kontratua sinatu du, eta, bere hitzekin bat eginez, laguntzaile bakarra ekarriko du.

Alfonso Fernandez de Trokoniz Alaveseko presidentea eta Sergio Fernandez kirol zuzendaria ere agertu ziren aurkezpenean. Fernandezek azaldu zuen entrenatzaile berria aukeratzeko arrazoia: estiloa. «Norabide berean goaz, pertsona ezberdinekin bai, baina kirol hazkunde ikuspegi antzekoa dutena. Asier aspaldiko gurari bat da guretzat, eta ziur gaude pertsona egokia dela duela hiru urte hasitako bideari ekiteko». Estilo kontuan dena da subjektiboa, baina Garitanoren joko filosofiak badu antzekotasuna Alberto Lopezek, Jose Bordalasek, Mauricio Pellegrinok edota Abelardo Fernandezek dutenarekin. Joxean Kerejeta 2011n bilakatu zen Alaveseko akziodun nagusi, eta, harrezkeroztik, Alaveseko aulkian eseri den hamabigarren teknikaria da Garitano.

Alavesek ia azken sasoi osoa egin du Europako postuetan. Entrenatzaile berriarentzat, baina, horrek ez du esan nahi taldeak jauzi kualitatiboa eman duenik, eta oinak lurrean ditu. «Helburua mailari eustea da. Halere, ez diogu mugarik jarri behar geure buruari. Baina lehenbizi, ez jaitsi». Teknikaria eta helburua baditu Gasteizko taldeak; orain jokalariak falta zaizkio. «Egitasmoari segida eman nahi diot, baina azken sasoia bikaina izan da, eta badakit oso zaila izango dela utzitako jokalari batzuei eustea. Dena den, talde orekatua egiten saiatuko gara».

Agerraldian, utzita egon diren hainbat jokalariren izena agertu zen: besteak beste, Jonny, Baston eta Callerirenak. Fernandez mintzatu zen hirurei buruz, eta, zehaztasunik eman ez zuen arren, zaila dirudi haiek taldean mantentzea. «Nahiko nuke gurekin jarraitu ahal izatea, baina gure obligazioa talde onena osatzea da», esan zuen. Javier Erasoren izena ere agertu da hedabideetan. Garitanok Leganesen izan zuen bere aginduetara, eta jakina da kutuna duela. Sasoi honetan hamahiru partida baino ez ditu jokatu. «Kontratua du, eta halakoetan zaila da jokalariak ekartzea. Arauak ikusi behar dira; dena den, ez da bidezkoa hari buruz hitz egitea». Alavesek gaur-gaurkoz hamalau jokalari baino ez ditu hurrengo urterako kontratuarekin. Bi atezainez gain, gehienak atzeko lerroko jokalariak dira. Esaterako, Guidetti da hurrengo sasoirako kontratua ziurtatua duen aurrelari bakarra.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19ak hiru hildako utzi ditu Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Protesta bat Gasteizen. ©E.PORTILLO/ FOKU

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Erredakzioa

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria