Denak nahi ditu barruan

Aspek erabaki du Elezkano II.ak ordeztuko duela Irribarria larunbatean

Iker Irribarria eta Danel Elezkano, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
«Aspek apustu egin du sasoikoen dauden pilotarien alde, atarikoa jokatzea ziurtatzeko. Horregatik, Elezkano II.ak ordezkatuko du Irribarria. Arrazoi batzuk edo besteak medio, Irribarria-Rezustak ez dituzte emaitza onak eskuratu. Gaur-gaurkoz, Elezkano II.a-Rezusta dirudi bikoterik aproposena atarikorako sailkatzeko». Halaxe jakinarazi zuen atzo Aspe enpresak Danel Elezkanok ordezkatuko duela Iker Irribarria larunbat honetan, Iruñean, Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurkako partida erabakigarria jokatzeko.

Argi dago: Aspek kosta ahala kosta nahi du bere lau bikoteek lehian jarrai dezaten lehen ligaxka amaitutakoan. Hiru sailkatu ditu jada: Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak, eta Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak ziurtatua dute finalerdietako ligaxka jokatzea;Jokin Altuna eta Ladis Galarza, berriz, seguru dira atariko kanporaketan.

Asperen laugarren bikotea, Irribarriak eta Rezustak osatutakoa, ordea, kinka larrian dago. Azken-aurrena da sailkapenean, eta nahi eta nahi ez irabazi behar du azkeneko jardunaldian lehiaketatik kanpo ez geratzeko. Garaipena lortuta ere kalean gera daiteke, igandean, Bilbon, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak Ezkurdia-Martija mendean hartzen badituzte.

Aspek berea ziurtatu nahi du, larunbateko neurketa irabaztea, eta Elezkano II.aren alde egin du horretarako, Irribarriaren kaltetan. Aurrelari aramarra oso gorabeheratsu aritu da orain arte, eta enpresak ez du konfiantzarik harengan azken neurketari begira. Horregatik egin du Elezkano II.aren alde. Bitxia da egoera, Aspek binakakotik kanpo utzi baitzuen aurrelari zaratamoarra, nahiz eta iaz Rezustarekin txapela irabazi zuen. Elezkano II.a bigarrenez ariko da txapelketan, zortzigarren jardunaldian, Altuna III.a ordezkatu baitzuen, aurrelaria min hartuta baitzegoen. 22-18 galdu zuten Elezkano II.a-Galarzak Ezkurdia-Martijaren aurka. Elezkano II.a-Rezustak oso estatistikak onak dituzte: 35 partidetatik 26 irabazi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.