Lerrokatzea, Galiziarantz

Eusko Label eta Euskotren ligak aurkeztu dituzte. Datorren larunbatean hasiko dira, Coruñan, eta txanda zozketa eginda dago

Jon Salsamendi, Nadeth Agirre eta Orioko kideak, atzoko aurkezpenean, eta, atzean, Ondarroakoak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Uztailaren 4a gainean da, eta marra gorriz nabarmenduta dute egun hori Eusko Label eta Euskotren ligetako arraunlariek. Coruñan (Galizia) ekingo diote lehiari, eta atzo egin zuten bi ligen aurkezpena, Donostiako Aquariumean. Taldeetako ordezkariak han izan ziren: arraunlari batzuk, hainbat entrenatzaile eta zuzendaritzetako zenbait kide.

Borja Rodrigo Traineruen Kluben Elkarteko presidenteaz gain, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Caixabankeko ordezkari Itziar Egaña ere han ziren, eta biek egin zuten Coruñako estropadako lehen jardunaldiko txanda zozketa. Euskotren ligan ez da zozketarik behar, Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia ariko baitira.

Txandak zozketatzeaz aparte, Oriok iaz bi ligak irabazteagatik jaso beharreko garaikurrak jaso zituen. Lehiaketen azken egunean eman zitzaizkien garaikurrak utzi, eta klubarentzat izango direnak jaso zituzten Nadeth Agirre emakumezkoen taldeko patroiak eta Jon Salsamendi gizonezkoen taldeko entrenatzaileak. Aurtengoari buruzko galderei erantzun zieten, eta Agirrek nabarmendu zuen «lehia estuagoa» espero duela iazkoaren aldean—Oriok ligako estropada guztiak irabazi zituen bat izan ezik—. Arraunlari eta entrenatzaile guztien kezka nagusia plazaratu zuen gero: «Ikusi egin beharko da nola gauden». Salsamendik balioa eman zion lehia izateari: «Uretan egotea da garaipen handia».Orioren nahia «borrokan ibiltzea» izango dela azaldu zuen.

Beste arraunlariek eta entrenatzaileek ere Agirreren kezka bera ekarri zuten ahora: ez dakitela nola dauden lehiari ekiteko. Ekainaren 8an berrekin zieten uretako entrenamenduei, hiru hilabetez etxean eta bakarrik lanean aritu eta gero. Ilusioa ere denek daukate, eta Zarautz igo berriak zer esanik ez: «Sekulako gogoa daukagu. Talde gaztea gara, eta gure helburua da ahalik eta azkarren ibiltzea», esan zuen Jon Artola presidenteak. Bigarren txandarekin gustura dago: «Orekatua da; maila guztietako taldeak daude».

Hirugarrenean ariko diren Zierbena eta Urdaibai ere antzera daude, pozik, tokatutako txandarekin: «Aukeratzen hasita, hirugarrengoa aukeratuko genuke Hondarribiak, Zierbenak eta guk, eta hortxe gaude hirurok. Baina arraunean egin beharko da gero, bestela alferrik izango baita txanda ona tokatzea», azaldu zuen Iñaki Goikoetxea Urdaibaiko arraunlariak. Mikel Portularrume Zierbenekoak bat egin zuen Lekeitioko arraunlariarekin: «Hirugarren txanda nahi genuen, haizeak behera egiten duelako arratsaldeak aurrera egin ahala, nahiz eta Galizian gauza arraroak gertatu. Indartsua da gure txanda».

Euskotren ligan, iaz Oriori bandera bat kentzeko gai Arraun izan zen (Lekeition), eta Amaia Sexmilo arraunlariak ezusteak espero ditu gaurko: «Lehen estropadetan ikusiko da nola dabilen bakoitza, eta lehia estua espero dut. Konfiantza handia daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.