Aspaldiko garaipenik errazena

Athleticek arazorik gabe menderatu du Betis (4-0), eta bederatzigarren jarri da. Ruiz bere atean, Capa, Muniain eta Berenguer, golegile

Muniain eta Villalibre, aurrenekoaren gola ospatzen, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Erraz lortu zuen Athleticek garaipena atzo gauean Betisen aurka, San Mamesen (4-0). Lastima ikuslerik ez egotea, arnasa luze eta sakon hartuz lasai ederrean gozatuko zutelako zaleek, taldearen denboraldi hasiera epela jasan eta gero. Laugarren garaipena du atzokoa, eta bost dauzka galduta, baina hala eta guztiz ere, sailkapenaren goiko erdian jarri da: bederatzigarren. Arnasa luze eta sakon hartu duen bestea Gaizka Garitano da, klubaren konfiantza edukiagatik ere, lepo gainean duelako kritikoen zarata etengabea.

Partidaren aurretik, ez zuen ematen aurkari gaiztoena Betisek. Jokatzeko modua ondo datorkiolako Athletici. Baloia soropilera jaitsi, eta ukitu eta ukitu ibiltzen da Manuel Pellegriniren taldea, eta horrela ikusita, pagotxa ematen zuen Athleticentzat, hainbeste gustatzen zaion bezala jokatzeko: defentsako lanean oinarrituz, presioa goian eginez edota atzerago jaitsiz, kontraerasoan ateraz.

Horrelaxe izan zen, eta eroso hasi zen etxeko taldea. Are erosoago moldatzeko aukera eman zion, gainera, partida hasi eta berehala Betisek oparitu zion golak. Victor Ruizek bere atean sartu zuen Villalibreren erdiraketa. Ondo egiten hasi zen lana egiten segitzeko konfiantza eman zion aldeko golak Athletici, nahiz eta Betisek susto bat eman zion hamabigarren minutuan: epaileak balioa kendu zion kanpotarren golari, jokoz kanpokoagatik. Jokaldi horrek ez zuen kikildu Garitanoren taldea, eta eroso segitzen zuen. Jokoa atzetik sortzeko oztoporik ez zeukan, aurkaria pixka bat erakarri, eta baloia luze jotzeko atzelarien bizkarrera. Oztoporik ez zuen bezala baloia goian berreskuratzeko, Betis ukitzen hasten zenean. Arnasa luze hartzen 33. minutuan hasi zen, ezkerraldetik Williamsek egindako erdiraketa Villalibrek buruz jo, Bravok urrundu, eta Capak sarera bota zuenean baloia, ateko zuloan. Betisen eskuin hegala autobide zabala eta debaldekoa zen Yuri eta Berenguerrentzat, baita Muniainentzat ere alde horretara puskatzen zuenean. Jakin egin behar izaten da aurkariak emandako opariak baliatzen, eta hori egin zuen Athleticek hegal horretatik erasotzeko.

Betisek ez zuen ezer aldatu galtzen joanda ere. Hobeto Athleticentzat. Ziurrenik astean Lezaman landutakoa hasi eta buka garatu zuten atzo Garitanorenek, aurkariak gauza gutxi aldatzeko duen joeragatik. Kontuak kontu, atsedenaldira 2-0 aurretik joan ziren etxekoak, eta gauzak erraz egiten ari ziren ustearekin.

Bigarren zatian, bere horretan segitu zuen partidak, eta Muniainek 59.minutuan eta Berenguerrek 68.ean sarturiko golek partidari argazki zehatza ateratzeko balio izan zuten: nagusi izan zen Athletic, lanak ondo egin zituen, eta aspaldiko garaipenik errazena lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.