«Exijentzia handiko garai bat dugu zain»

Roberto Olabek Realaren sasoiko helburuak aletu ditu, eta esan du partida kopuru handiari aurre egitea gakoa izango dela: «Lana dugu».

Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria, atzo, hedabideen aurrean azalpenak ematen. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ordu eta erdiko hitz-aspertuak askorako eman dezake, eta zer esanik ez hizlarietako bat Roberto Olabe bada. Realeko futbol zuzendariak lantzean behin kazetariekin biltzeko ohitura du, eta data seinalatuak aprobetxatzen ditu horretarako. Sasoia amaitu eta hurrengo egunetan bildu zen orain baino lehen. Atzo, berriz deitu zituen kazetariak, udako merkatua itxi eta biharamunean.

Horixe izan zuen hizpideetako bat. Hasieran, taldearen egituraz mintzatu zen, hasi berri den sasoirako aurreikusten duenaz: «Exijentzia handiko garai bat dator», esan zuen teknikari gasteiztarrak. Horretarako ekarri dituzte Matthew Ryan, Diego Rico eta Alexander Sorloth: «Ezagutza ezinbestekoa da hartu-emanei ekiteko garaian», esan zuen Olabek. Hala azaldu zuen Sorloth hain azkar fitxatu izana.

Hiru jokalari horiek izan dira Realaren fitxaketa nagusiak. Natxo Monrealen eta Carlos Fernandezen lesioek bultzatu dituzte mandatariak ahalik eta ondoen fitxatzera: «Edo formatu, edo firmatu», adierazi zuen Olabek.

Agerraldirako atondutako areto batean, eskema batzuk erakutsi zituzten, pantaila batean. Han agertzen ziren Realeko gizonezkoen eta emakumezkoen talde nagusienetan ari diren jokalari guzti-guztiak. Harrobikoak eta kanpotik ekarritakoak. Zubietako harrobian ondutako jokalari kopurua izugarri handia da.

Alde horretatik, Olabek adierazi du gizonezkoen taldean «hiru dimentsioko begirada» batekin ari direla lanean, eta Realaren bigarren eta hirugarren taldeei egin zien erreferentzia: «Gure helburua ez da dauden maila horietan egotea; egoerak ekarri du hori, baina gustura gaude. Lan egiteko modu baten ondorioa da».

Realekoak dira Espainiako ligako Lehen eta Bigarren Mailan dauden talderik gazteenak. Talde nagusiak 25 urte eta 266 egun ditu batez beste; bigarren taldeak, 21 urte eta 113 egun: «Gure helburua ez da talderik gazteenak edukitzea. Gure jendearen ikuskerarekin bat egin nahi dugu, baina proiektu egonkor bat osatuta. Betiko kluba izatea nahi dugu,eta ahalik eta dimentsiorik handiena izatea». Lau P-tan laburbildu zuen klubeko kirol egituraren lan egiteko modua: planifikazioa, programa, pazientzia eta prozesua.

Lan karga zaintzea

«Neke handiko sasoia izango da», Olaberen esanetan. Realaren talde nagusiak hiru txapelketa jokatuko ditu: Espainiako liga, kopa, eta Europa liga. Haietan guztietan aritzeko, «talde nahiko laburra» dutela azaldu zuen; abian dagoen «metodologiarekin bat» egiten duen egitura dela zehaztu zuen. Partida asko izateak ekarriko duen lan karga arintzea izango da donostiarren asmoetako bat, bereziki, Mikel Oiartzabali dagokionez. Eibartarrak hilabeteak eman ditu etenik gabe jokatzen, eta asteon du lehendabiziko opor astea: «Kontziente gara Mikelek zenbateko zama duen. Tentuz aritu behar dugu harekin».

Arlo fisikoko beste kezka Asier Illarramendirekin dute. Mutrikuarrak «atseden beharra» zuela esan zuen Olabek sasoi amaierako bilkuran, eta, oporretatik itzuli eta berriz entrenatzen hasitakoan, lesioa izan zuen: «Konplikatua da, baina ez izan zalantzarik: Asier bera da ahalik eta lasterren prest egon nahi duen lehendabizikoa»,

Emakumezkoen taldeaz labur aritu zen Olabe. Adierazi zuen «belaunaldi aldaketak batzuetan nahi ez direnean» gertatzen direla, baina gazteak badatozela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.