Damutzeko denborarik ez dute

Athleticek eta Alavesek aste hasierako porrota ahaztu nahi dute, gaur irabazita. Amorebietak eta Eibarrek derbia jokatuko dute gaur

Iñaki Williams, Rayoko atzelariak atzean utzi nahian. Gaur hamaikakora itzul daiteke aurrelaria. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ez da erraza izaten porrot baten biharamuna. Galdu egin dela asimilatzea prozesu zaila da goi mailako kirolean. Esaten da neurketa bat galtzean onena hurrengoa ahalik eta azkarren jokatzea dela. Hori bera egin behar dute gaur Alavesek eta Athleticek. Biek galdu egin zuten aste barruan jokatu denjardunaldian, eta arantza hori kentzeko erremediorik onena topatu dute: beste norgehiagoka bat. Aurkari gogorrak izango dituzte aurrean, hala ere.

Aurreko jardunaldian denboraldiko lehen partida galdu zuen Athleticek (1-2). Rayo Vallecanoren aurkako porrota mingarria izan zen. Andoni Iraolak zuzendutako taldeak lehiaren hondarrean sartu zuen San Mamesetik hiru puntuak eramateko balio izan zion gola. Radamel Falcao izan zen zuri-gorrien borreroa.

Neurketa hori ahalik eta azkarren ahaztu, onbidera bueltatu, eta sailkapenaren goiko postuetara hurbildu nahi du Marcelino Garcia Toralek: «Rayoren aurka galdu egin genuen, baina orokorrean liga hasiera ona izaten ari da. Akatsetatik ikasi, eta irabaztera joango gara bihar». Baina plaza zailean jokatuko dute zuri-gorriek: Mestallan, Valentziaren kontra (16:15, Movistar La Liga).

Jose Bordalasek zuzendutako taldeak bikain hasi du denboraldia. Mestallatik garaipen batekin ateratzeko gauzak oso ondo egin behar direla argi du zuri-gorrien entrenatzaileak: «Real Madril eta Sevillaren aurka galtzetik dator Vaelntzia, Baina, halere, oso zaila izango da irabaztea. Oso talde lehiakorra da Valentzia, eta etxean aurkari gogorra da».

Marcelinok ez du jokatzeko moduan gaurko partidarako Asier Villalibre, Rayo Vallecanoren aurkako neurketa min hartuta bukatu baitzuen. Horrez gain, Julen Agirrezabala atezaina geratu da deialditik kanpo, Jokin Ezkietaren mesedetan. Rayoren aurka txandakatzeak egin zituen teknikariak. Baina ezusterik ezean, Daniel Vivian, Mikel Balentziaga, Dani Garcia, Alex Berenguer eta Iñaki Willilams hamaikakora itzuliko dira.

Sailkapeneko zuloan jarraitzen du, berriz, Alavesek. Arabarrek ez dute oraindik punturik batu jokatu dituzten bost partidetan, baina azkenekoan hobekuntza batzuk ikusi ziren. Javi Callejak badaki taldearen eta bere egoera ez direla onenak, baina ziur da berandu baino lehenago multzoak buelta emango diola hasiera txarrari: «Gauza asko egin ditugu ondo. Ez diogu gure jokatzeko erari muzin egingo. Ondo egindako horri partidan zehar jarraipena ematea falta izan zaigu». Etalortu behar dutena aipatu du. «Baloiarekin zein hura gabe fidagarriagoak izatea falta zaigu».

Atletico Madrilekin neurtuko dituzte arabarrek indarrak gaur Mendizorrotzan (14:00 Movistar La Liga). Simeonerena ez da garaitzeko talde errazena: «Ligako talderik onena da, lehiakorra izateaz gain, identitate argia duelako eta oso ondo landutako taldea baita». Baina haiei irabaztea lortuz gero, konfiantza hartuko luke Callejak zuzendutako taldeak: «Badakigu egoera zein den, baina guk lanean gogor jarraitzen dugu. Ziur nago bihar [gaur] garaipena lortuko dugula». Callejak ez ditu eskuragarriPere Pons, Edgar Mendez, Javi Lopez eta Florian Lejeune. Guztiak min hartuta daude.

Behar ezberdinak

Bigarren Mailan, Amorebietak eta Eibarrek historiako beraien arteko lehen derbia jokatuko dute gaur Lezaman (16:15, Movistar La Liga). Neurketa berezia da hiru arrazoiengatik: estreinakoa delako, bi herrien artean 25 kilometro besterik ez daudelako eta protagonista askok elkar ezagutzen dutelako. Gaizka Garitanok urdinen jokalari andana ezagutzen ditu: «Aurrekoan, haietako zenbat entrenatu nituen kontatzen hasi, eta erdiak baino gehiago zenbatu nituen. Amorebietak egiten duen jokorako oso jokalari aproposak dira. Ondo egin beharko dugu lan irabazteko».

Iñigo Velez de Mendizabalen taldeak mailari eustea du helburu; eibartarrena, aldiz, gorenera itzultzea. Velez de Mendizabalek aurkariaren maila goraipatu du: «Lehen Mailara igotzeko taldea da Eibar. Guk beste helburu batzuk ditugu, baina gauzak zail jartzen eta hiru puntuekin geratzen saiatuko gara».

Reala B-k, berriz, atzo jokatu zuen. Xabi Alonsoren taldeak galdu egin zuen, Anoetan, Huescaren kontra: 0-2. Isidro Pittak sartu zituen bi golak, 17. eta 90. minutuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.