«Egunean asmatu behar da»

Sherpa Ai Aizkolari Txapelketako finalak jokatuko dira bihar, Bilbon. Sei aizkolari ariko dira gizonezkoen bigarren txapela jantzi nahian. Emakumezkoen bakarkako finala lehenengoz egingo dute, eta hiru aizkolari ariko dira. Lehiakideek parekotasuna ekarri dute hizpidera.

Iazko finalista berak arituko dira gizonezkoetan. SHERPA.AI.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bederatzi lagunek hartuko dute parte SherpaAi Aizkolari Txapelketako finalen jaialdian, bihar, Bilbao Arenan (12:00). Gizonezkoetan, bigarren aldia dute, eta iazko sei finalistak ariko dira txapelaren bila: Iker Vicente egungo txapelduna, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jon Irazu. Emakumezkoetan, hiru lagun ariko dira norgehiagoka: Karmele Gisasola Zelai III.a, Uxue Ansorregi, eta Maika Ariztegi. Finaleko aizkolariek aurreikusi dute lehia estua izango dela, baita huts egiteko tarte txikia izango dutela ere: «Egunean asmatu behar da irabazteko».

IKER VICENTE Otsagabia (Nafarroa), 24 urte
«Egunik garrantzitsuena da; urte guztian prestatu gara lehia honetarako»

Iker Vicentek soilik daki zer den Sherpako bakarkako txapelketa irabaztea. Hura izan zen iazko estreinaldiko garailea, eta aurten berriz nagusitzeko hautagaien zerrenda guztietan dago. Horixe da bere helburua ere: «Txapelketarik garrantzitsuena da, dena eman edo kentzen duena. Urte guztia egun honi begira egiten dugu». Dena den, nafarrak «final gogorra» aurreikusi du, kontrarioen mailarengatik: «Kanporaketetako eta beste txapelketetako emaitzak ikusi besterik ez dago».

MIKEL LARRAÑAGA Azpeitia (Gipuzkoa), 31 urte
«Lanak txukun eta ondo eginez gero, irabazteko aukera badut, nik uste»

Kontrarioek eta katedrak ez dute zalantzarik: aurtengoa Mikel Larrañagaren urtea izan daiteke. Azpeitiarrak agerian utzi du une onean helduko dela Sherpako finalera, joan zen igandean Gipuzkoako txapela irabazi baitzuen. Udan lortutako garaipenek ereberresten dute hori —Urrezko Kopakoa, kasurako—. Larrañagak dio lehia estua aurreikusten duela: «Joan zen urteko aizkolari berak izango gara, eta iruditzen zait ikuskizun ederra izango dela, eta borroka egongo dela. Sei onenak finalera iristean, guztiek ere irabazi egin nahi izaten dute, eta nik borroka polita eta estua aurreikusten dut».

Kontuak horrela, Larrañagak badaki «zaila» izango duela garaitzea, baina bere abagunea aprobetxatu nahi du: «Lanak txukun eta ondo eginez gero, badut aukera irabazteko, nik uste», esan du.

ENEKO OTAÑO Beizama (Gipuzkoa), 27 urte
«Zaila da: batek janzten du txapela; hura lortzeko asmoz irtengo naiz, ordea»

Eneko Otañok binaka igo nahi ditu azken eskailerak. Euskal Herriko Federazioak antolatutako txapelketetan, beizamarra bosgarren izan zen 2018an, eta laugarren 2019an. Iaz, hirugarren sailkatu zen Sherparen eskutik jokatutakoan. Aurten, hobetzen segitu nahi du: «Zaila da txapela janztea: bakarrak lortzen du. Baina txapela lortzeko asmoz aterako naiz. Bigarren edo hirugarren egitea ere garrantzitsua izaten da, baina borrokatu gabe gelditzeko gogorik ez dut. Gero, alde egiten badute, saiatuko naiz beste postuen bila joaten, baina hasieran lehendabiziko postuaren bila joango naiz».

Otañok, ordea, argi du aurkariek ere xede berarekin ekingo dietela finalari. Aizkolari gipuzkoarrak honela aletu du multzoa: «Iker Vicente hor dago, azken urteetako txapelduna, baina Mikel ere [Larrañaga] oso ondo dagoela ikusten da. [Aitzol] Atutxak bost aldiz jantzi du txapela, eta [Julen Alberdi] Txikiak edozein egunetan eman dezake ezustekoa. Atea irekita dago denentzat, eta egun horretan bertan lanik txukunena egin eta urduritasunak kontrolatzen dituena hor egongo da. Lehia edukiko dugu».

AITZOL ATUTXA, 'ATUTXA II.A' Dima (Bizkaia), 34 urte
«Aurtengo helburuaez da irabaztea: neure buruari irabaztea da»

Federazioaren txapelketa bost aldiz irabazitakoa da Aitzol Atutxa, eta bestelako asmoak ditu biharko finalerako: «Helburua ez da irabaztea. Nik daukadan helburua neure buruari irabaztea da. Aurreko urtean, ez nituen behar bezala egin gauzak; finalean sartu nintzen, baina etxeko lanak egin gabe geratu nintzen finalean, eta oraingo helburua hori da: gozatzea, eta ahalik ondoen aritzea».

Bide horretan, «entrenamenduetako lana azaleratzen» saiatuko dela dio dimoztarrak, eta kontrarioei ere egin die azpimarra. Atutxaren esanetan:«Gainontzeko bostak ikaragarrizko kirolariak dira, esperientziadunak, eta badakite zer den finala jokatzea».

Bizkaitarraren ustez, iazko sei aizkolariak berriz sailkatu izanak badu bere esanahia: «Ez da kasualitatea. Askotan esaten dugu: urtetik urtera bat aldatzen dela, bi aldatzea asko dela, eta hiru aldatzea, ia ezinezkoa».

Lanen inguruan, berriz, Atutxak dio aizkoran hamar eta hogei minutuko lanak «makurrak» izaten direla eta kasu honetan handiagoa dela zama hori: «Txapelketetan izaten den lanik handiena da». Aizkolariek launa kana-erdiko—54 ontzako egurrak—, 60 ontzako eta oinbiko —72 ontzakoak— ebaki beharko dituzte.

JULEN ALBERDI, 'TXIKIA IV.A' Azkoitia (Gipuzkoa), 30 urte
«Oinbikoak gako izango dira; aurretik iritsi etalana ondo ateratzea»

Julen Alberdik «ilusioz» ekingo dio biharko finalari. Azkoitiarrak irabazteko lehian egoteko xedez emango ditu lehendabiziko aizkorakadak: «Behin finalera iritsita, irabaztea izango da denon helburua. Gero, ikusiko da momentuan zer gertatzen den, lana aurrera doan heinean. Baina printzipioz denak estutu eta aurrea hartzea da helburua».

Egin beharreko lanak ere aletu ditu Txikia IV.ak, eta egurrik mardulenei erreparatu die, gehienbat: «Hori izango da gakoa: aurretik iritsi eta lana ondo ateratzea, ahalik eta denbora gutxien galduz. Akatsik txikiena ere garesti ordaindu daiteke hor».

JON IRAZU Zizurkil (Gipuzkoa), 39 urte
«Azken urteetan, esana dut: gazte asko daude,eta ilusioz prestatuak»

Jon Irazu izango da gizonezkoen lehiako aizkolaririk beteranoena. 39 urteko zizurkildarra ezustean harrapatu du finalerako sailkatu izanak, eta «lan txukuna» egiteko asmoz ekingo diola esan du: «Ez nuen uste finalean sartuko nintzenik, eta, agian, luzeak egingo zaizkit lanak. Baina nahiko fresko nago, eta ea baten bat atzean uzten dudan». Halaber, aurkari gazteagoen grina ere ekarri du hizpidera: «Azken urteetan, esana dut: gazte asko daude, eta ilusioz prestatuak».

KARMELE GISASOLA 'ZELAI III' Mallabia (Bizkaia), 28 urte
«Finaleko lanak binaka egindako berberak dira: aurrera goaz»

Karmele Gisasola Zelai III.a orain urtebete inguru hasi zen aizkoran. Harri lanetan zaildua, pixkanaka ari zaio egurrari neurria hartzen, eta emakumezkoen Sherpako bakarkako lehen finalerako sailkatzea lortu du. Finalaren atarian, aurkarien ibilbide luzeagoa izan du hizpide: «Prest nago, komatxo artean. Oraindik ez dut aizkolaritzat jotzen neure burua. Orain urtebete hartu nuen aizkora lehendabiziko aldiz, eta saiatuko naiz ahalik eta txukunen egiten. Kontrarioek badute esperientzia, eta nik aizkoran ez dut haien ezagutzarik eta esperientziarik».

Maika Ariztegi eta Uxue Ansorregi izango ditu aurkari, eta, hain justu, udan Sherparen binakako txapelketa irabazi zuen, Ansorregi lagun hartuta. Ordukoan 36 ontzako eta 45 ontzako bina egur ebaki zituzten finalean. Lan horixe bera egingo dute bihar ere: «Orain finalean egin behar ditugun lanak uztailean binakakoan egindako berberak dira: aurrera goaz. Orduan binaka egin genuena orain banaka egingo dugu. Apurka goaz, pixkanaka aurrera eginez, eta aurrerantzean, ikusiko dugu».

UXUE ANSORREGI Mendaro (Gipuzkoa), 25 urte
«Oraingo aizkolaririk onenen artean aritzeko aukera ona da»

Uxue Ansorregik gogo biziz ekingo dio Sherpako finalari. Mendaroko aizkolariak azaldu duenez, biharko jaialdia «oraingo aizkolari onenen artean aritzeko aukera ona» da, eta bere onenean aritzeko asmoz jardungo da: «Denon nahia txapela lortzea izango da, baina etxean egin dudan lana plazan eginez gero, pozik geratuko naiz. Nire helburua etxeko lan hori egitea izango da, eta, ahal bada, txapela eskuratzea».

Ariztegi eta Gisasola ondotxo ezagutzen ditu Ansorregik. Ez alferrik, aizkoraz gain beste zenbait modalitatetan elkarrekin eta elkarren aurka aritutakoak baitira. Haien gaitasunak aletu ditu aizkolari gipuzkoarrak: «Oso indartsu ikusten ditut biak. Maika Ariztegik esperientzia handia du, urte askoan aritu da, eta indarra du. Esperientziak mesede egiten dio. Bestalde, Karmele dago: oso denbora gutxian asko hobetu du, eta kristoren indarra dauka».

MAIKA ARIZTEGI IIturen (Nafarroa), 48 urte
«Tarte txikia dago. Kanporaketan, segundo gutxiren aldea izan zen»

Azken urteetan, aizkorako proba non, han izan da Maika Ariztegi iturendarra. Oraingoan ere ez du huts egingo: finalerako sailkatutako hiru aizkolarietako bat izan zen Ariztegi. Hirurak ere oso tarte murritzarekin sailkatu ziren. Gisasolak egin zuen denborarik onena (9.05), eta harengandik hiru segundora geratu zen nafarra (9.08). Sei segundo gehiago behar izan zituen Ansorregik (9.11.). Aurrez zer gertatu den kontuan hartuta, biharko lehia estua izango dela uste du Ariztegik: « Finalera heltzeko, segundo gutxiren aldea izan genuen, eta orain ere berdintsu gaude. Hobekien egiten duenak irabaziko du».

Egoera horretan, Ariztegik zenbait aldagai kontuan hartzeko deia egin du. Haren esanetan, arlo guztiak ondoen menderatzen duenak irabaziko du: «Egurren kortea bikain egin, azkar moztu eta egur ona egokitzea. Horren guztiaren baturak erabakiko du finala, nire ustetan».

Xehetasun guztiak zaintzearen eta gorputzaldiaren baturak erabakiko du emakumezkoen lehia, eta baita gizonezkoena ere. Hamabi edo hiru enbor moztu, bi lanak azkarren bukatzen dituztenek lortuko dute Sherparen Aizkolari Txapelketako garaikurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.