Uzta gero eta oparoagoa da

Munduko Txapelketan, Gaztedik zilarra irabazi du emakumezkoen 540 kilokoan, eta Goiherrik, brontzea gizonezkoen 640 kilokoan

Gaztediko eta Goiherriko sokatiralariak, dominak zintzilik dituztela, atzo, Lurmutur Hirian. LUR GIL.
Julen Etxeberria.
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriko sokatiralariak uzta ederra biltzen ari dira Lurmutur Hirian (Hegoafrika), Lur Gaineko Munduko Txapelketan. Atzo beste bi domina irabazi zituzten taldekako lehiako azken jardunaldian: Gaztedik zilarrezkoa eskuratu zuen emakumezkoen 540 kilokoan, eta Goiherrik, brontzezkoa gizonezkoen 640 kilokoan.

Laukizko (Bizkaia) taldeak gertu izan zuen urrezko domina irabaztea, baina oso aurkari indartsua egokitu zitzaion finalean: Tai Shi-da Jing Mei Tai Taiwango taldea. Gogotik saiatu arren, aukerarik ez zuten izan.

Beraz, Munduko Txapelketako lan erdietan, lau domina daramatzate euskal taldeek. Bi irabazi ditu Gaztedik, eta beste bi Goiherrik, bakoitzak zilarrezko bat eta brontzezko bat: laukiztarrak bigarren izan dira emakumezkoen 540 kilokoan, eta hirugarren gizonezkoen 540 kilokoan; erandiotarrak, berriz, bigarren koskara igo dira gizonezkoen 560 kilokoan, eta hirugarrenera gizonezkoen 540 kilokoan. Euskal ordezkariek berdindu egin dute 2014an ofizialtasuna lortu zutenetik lur gaineko Munduko Txapelketako taldekakoan bildutako uztarik handiena: lau domina irabazi zituzten ere duela lau urte, Wisconsinen (AEB).

Gaurtik, Basque Country

Euskal sokatiralariak taldeka aritu dira txapelketako lehen bi jardunaldietan. Gaur eta bihar, berriz, selekzioen artekoa jokatuko dute, eta beste behin, euskal ordezkariak Basque Country izenarekin ariko dira. Maila guztietan parte hartuko dute, zazpi guztira. Gaur, gizonezkoak 680 eta 560 kilokoetan ariko dira; emakumezkoak, 500 kilokoan; eta mistoa, 580 kilokoan. Duela bi urte Malmoen (Suedia) jokatutako Munduko Txapelketan, emakumezkoek zilarrezko domina eskuratu zuten 500 kilokoan. Bai Wisconsinen eta bai Malmoen sei domina irabazi zituzten guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.