Bikote indartsuenak iritsi dira

Iturriaga-Egañak eta Zelaia-Lopezek jokatuko dute bihar Adosen binakakoaren finala, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (ETB1, 12:00). Ligaxkan, 22-14 irabazi zuten Iturriagak eta Egañak

Adosen binakakoaren Lehen eta Promozio Mailako bikote finalistak, Azkoitiko Gurea frontoian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bihar amaituko da bi hilabeteko lehia estu eta gogorra. Bihar jokatuko dituzte Gurea Azkoitiko (Gipuzkoa) pilotalekuan Ados Pilota klub profesionalak antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketaren finalak.

12:00etan hasiko da jaialdia, eta, lehenbizi, Promozio Mailako finala jokatuko dute: Leire Galeano Mondragon eta Goiuri Zabaleta Rodrigez ariko dira batetik, eta Maddi Berrocal Santos eta Irati Zabala Urriza bestetik. Haien arteko finala amaitutakoan hasiko da Lehen Mailakoa. Iera Agirre Iturriagak eta Uxue Oses Egañak, Madalen Etxegarai Zelaiaren eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopezen aurka jokatuko dute. ETB1ek zuzenean emango ditu bi finalak.

Bide zuzen-zuzena eginda iritsi dira maila nagusiko bi bikoteak. Ligaxkako lehen bi postuetan sailkatu ziren, aurrenekoz, eta zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako. Iturriagak eta Egañak ligaxkako sei partidak irabazi zituzten. Zelaiak eta Lopezek, berriz, bakarra galdu zuten, finaleko aurkarien kontrakoa: 22-14. Finalerdietan, ligaxkan hasitako lan onari segida eman zioten: Iturriaga-Egañak 22-12 hartu zituzten mendean Ainhoa Ruiz de Infante Kortazar-Oihana Orbegozo Iraeta, eta Zelaia-Lopezek, 22-17 Naroa Elizalde Etxekolonea eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika.

Sarrerak erosteko bi modu daude: Internetez, https://www.ticketself.com/event/bc817b8e/entradas-eusko-label-binakako-txapelketa-ados-pilota loturan; eta pilotalekuko leihatilan, egunean bertan.

Bengoetxea VI.aren agurra

Gaur, berriz, Oinatz Bengoetxearen agurreko jaialdia izango da Iruñean, Labriten (17:15, ETB1). Aurrelari leitzarrak Jon Mariezkurrena izango du bikotekide profesionaletako azkeneko partidan. Iñaki Artola eta Aitor Aranguren izango dituzte aurkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.