gorka julio
IRLEN SAREA

Ez gaude prest, berriro!

2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aikastetxean 20 pertsona ginen ikastaro batean, 1,5 metroko banaketa ezinezkoa zen informatika gelan; B ikastetxean sarea joan eta etorri egiten zen, klasea ematea ezinezko eginez; C ikastetxean, orain dela lau hilabetetik eskatzen ari ziren e-learning plataforma martxan jartzea itxaroten ari ziren. Irakasleentzat ikasturtea hasteko ezinbestekoa den e-learning formazio bat ematera joan eta gelak ikaslez bete ez direnean oraindik hori da panorama.

Ez gaude prest! Denok ari gara ahal duguna egiten, baina hau onartezina da. Onartezina da eskolek eta ikastolek Internet duina ez izatea. Onartezina da, ordenagailua piztu eta lehen esaldia «lasai, mantso dabil, horrela da» esaten dizuten irakasleen etsipena behin eta berriz entzutea. Eta bai, badira irakasle azkarrak, alperrak eta abilak, baina prest gaudela esaten digutenen prestutasuna minimoetara iristen ez denean, iraingarria da.

Inoizko ikasturte arraroena bizitzera goaz, eta jakin badakigu atal digitalak hezkuntzan izango duen garrantzia. Klaseak aurrez aurrekoak badira, zentroko sareek ondo funtzionatu behar dute, behintzat, baina hori aurrez aurrekoan ari bagara. Espero den bezala irakaskuntza hibridoa edota telematikoa egin behar bada, jai dugu. Zentroko egoeraz gain, ikasleek eta irakasleek beren etxeetan dituzten gailuez gain, duten jakintza eta ezagutzak garrantzi berezia dauka; eta hortan ere ez gaude prest!

Sinestu egoera larria dela. Konfinamendu garaian irakasleek ahal zutena egin zuten; ikasleek, beren familia/elkarbizitza unitateek eta inguruneak egin behar izan zuten moduan. Oraingoan ezin du berdina izan, eta okerragoa izan daiteke. Ez da berdina ikasturte amaiera batean gaizki egitea edota hilabeteak pasatu ondoren martxa ezin hartzea.

Formazioa aurrez aurrekoa izatea nahi badugu, eta aldi berean zentroan pasako duten denbora murriztea, espazio fisikoaren mugatik kanpo aukerak zabaltzea ere garrantzitsua delako eta hor arlo digitalak, berriro ere, zeresan handia dauka.

Edonola ere, Moodle ikastaroak egitea lortu dugu. Irakasleek, haien etsipenez gain, prestatu dituzten ikastaroak erakutsi dizkidate (iraganean ere egin zuten bezala). Egiten dizkidaten galderak inoiz baino errealagoak dira, jakin badakite beraiek bilatu beharko dituztela soluzioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.