Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ez da giro Aldaben

2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ez da giro Aldaben, ama-alabak liskarturik daude. Goenkale-ko Arralde bezala, Balbemendi-ko Balbemendi bezala, Brinkola-ko Brinkola bezala, Alardea-ko Hondarribiaren antzeko herri alardeduna bezala, Hondar ahoak-eko Ondarroaren antzeko arrantzale-herria bezala, Altsasu-ko Altsasu bezala... infernu handi bilakatutako herri txikia da Beti mugan telesail berriko Aldabe ere, joan den ostegunean ETB1i begira ikusi eta ikasi ahal izan genuenez. ETB1ek azken urteetan duen saiorik arrakastatsuenetako baten izenburuarekin bat datoz denak: herri txiki, infernu handi. Ezin da kasualitatea izan. Kasu horretan esaldiaren beste bertsio bat aplika daiteke: herri itxi, infernu ireki. COVID-19rik gabeko herria baita Aldabe Jabi Elortegik zuzendutako lanean, kutsadurak eragozteko itxia.

Baliabide batzuetan ausarta bada ere —Aldabeko alkateak (Elena Irureta) kamerari egiten dizkion aitorpenetan, adibidez, pertsonaiaren zurikeriaren salatari komikoak—, lehen atala ikusi eta gero asmo handirik gabeko—eta aurrekontu urriko— komedia dirudi Beti mugan-ek, iaz ETB1en estreinatu ziren telesailen aldean anbizio artistiko gutxiagokoa. Iazko telesailetako herri txikietakoen aldean, Aldabeko arazoak mamigutxiagokoak dira, ikuslearen baitan barne-gatazka eta azkura handirik eragiten ez dutenetakoak.

Honako hau dio EITBk emanaldia iragartzeko agirian: «Zerbitzu publikoko izaera uztartuz eta euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuekin, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin bat egin du EITBk Beti mugan telesailaren estreinaldian. Ildo berean, Euskal Telebistak azken urte honetan arrakastatsu estreinatu ditu Hondar ahoak, Alardea, Altsasu eta Go!azen telesailak».

Lan profesional duina denez, pozgarria da Beti mugan ETB1en ikustea, dudarik ez. Baina nahikoa dugu Go!-azen eta Beti mugan-ekin? Ez gara gutxi Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu ikusita esperantza pittin bat izan ondoren orain zapuztuta gaudenak, EITBk «zerbitzu publikoko izaera uztartuz eta euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuekin» lotuta gehiago egiterik balukeela uste dugunak, EITB «euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin» dagokion neurrian bat egitetik urrun dagoelakoan gaudenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.