Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Hutsuneak

2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Atzerrian bizi garenontzat, sarea da euskarazko ikus-entzunezko edukiak ikusteko leiho nagusia. Eta bi aukera ditugu: irekian ala ordainpeko plataforma digitalak erabili. Euskal kateen denboraldi berriak errepasatuta, banuen Hamaika telebistaren Gakoak ikusteko gogoa. Astelehenean estreinatu zuten, 21:30ean. Ordu horretan ez dago aktualitatearen analisirako euskarazko tarterik, eta, zentzu horretan, hutsune bat estaltzera dator. Gainera, ordu horretan dagoeneko afalduta gaudenontzat eta Gaur Egun ikusita dugunontzat, eskaintza interesgarria izan liteke. Hain justu, «albisteak kontatzera mugatu beharrean, testuingurua ematen» saiatuko dira hainbat kolaboratzailerekin. Baina pena da kate hori zuzenean segitzeko aukera edota ohitura ez dutenei saio berria Hamaikaren webgunean eta Youtubeko kanalean erabilgarri jarri ez izana. Hala balitz, gaurko kritika horren gainekoa izango zen.

Ez pentsa, dena den, EITBko Nahieran hobea denik. Edu Barinaga ETBko zuzendariak agindu zigun zerbitzua hobetuko zutela iaz, eta horretarako —besteak beste— Jaurlaritzak 4,8 milioi euro gehiago eman zizkiolaEITBri. Oraindik, ordea, antzera jarraitzen du zerbitzuak. Motela da. Ez da erabiltzeko erosoa. Saioen bilaketa infernu handia da. Ezin da zuzeneko emisioa atzera eraman. Ez dago euskarazko telesail eskaintza berririk. Beraz, ETBko edukiak bertan ikusteko bi aldiz pentsatu beharra dago. Alegia, errazagoa da Netflix edo Amazon moduko plataforma bat eskuratzea; edo irekian beste kate bateko edukiak ikustea.

Ekografiak zutabea egiten dugunok, baina, ez dugu beste erremediorik. Atzo, ETB1eko beste apustu berri bat ikusi nuen, nahieran: Korrontzi dantzan. Asteazkenean estreinatu zuten, 22:00etan. Agus Barandiaran (Korrontzi) eta Itziar Iturri (Dantza) dira gidariak, eta Euskal Herriko herri desberdinetako jendearekin dantza koreografiak egitea eta herri aurrean taularatzea dute xede. Dantza saioak gutxi balira bezala euskarazko katean, hemen duzue beste bat. Oro har, entretenigarria da. Agian, ordu batetik 30 minutura murriztuko nuke. Bestela, Iturri, Barandiaran eta gainerako gonbidatuak ongi aritzen dira kamera aurrean. Produkzio lan izugarria du, postprodukzioa ez aipatzeagatik! Baina benetan halako saio baten hutsunea dago?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.