Luzapenean ikusi da aldea

Athletic Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatu da, Granadillari 3-0 irabazita Lezaman

Athleticeko Lucia Garcia aurrelaria Granadillako Aline Reis atezaina atzean uzten, atzo, Lezaman. ARITZ LOIOLA / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Arauzko 90 minutuek erakutsi ez zutena erakutsi zuten luzapeneko 30ek, atzo, Lezaman. Athleticek Granadilla hartu zuen Espainiako Kopako final-zortzirenetako partidan. Faborito ziren bizkaitarrak, baina kanariarrek zuri-gorrien zelai erdia desegitea lortu zuten, eta Athletic jokoa taxuz antolatu ezinik aritu zen 90 minutuz. Zuri-gorriak talde hobea dira, ordea, eta luzapeneko ordu erdian erakutsi zuten hori: hiru gol egin zizkioten Granadillari, eta final-laurdenetarako sailkatu dira.

Lehenbiziko zati gehienean Granadilla Athletic baino erosoago egon zen zelaian. Damaris Egurrolak eta Maite Orozek ezin izan zuten jokoa ongi landu, eta baloia gutxi mugitu zen zelai erdian. Horrek kalte egin zien zuri-gorriei, eta mesede, berriz, Granadillari. Ane Azkonaren eta Lucia Garciaren lasterkaldi batzuek arriskua sortu zuten, baina Granadillak izan zituen aukerarik onenak; alde batetik, estrategia jokaldietan, eta, bertzetik, 25. minutuan Allegra Poljak Ainhoa Tirapuren aitzinean bakarrik agertu zenean —jaurtiketa egin baino lehen gurutzatu zitzaion Ainhoa Moraza—.

Lehenbiziko zatian, azken bortz minutuak izan ziren bizkaitarren onenak. Zelai erdian jokaldiak hobeki josi zituzten, eta Lucia Garciak ordura arteko aukerarik onena izan zuen, Aline Reis atezainaren aitzinean bakar-bakarrik gelditu baitzen, baina brasildarrak ongi asmatu zion jaurtiketaren norabidea.

Bigarren zatia lehenbizikoa baino are zurrunagoa izan zen. Athleticek zelai erdiko jokoa josi ezinik jarraitu zuen, eta Granadillak gaina hartu zion minutu anitzetan. Maria Jose Perez aurrelari beteranoa zelairatu zuen, eta, nahiz eta ez zuen aukera argirik egin, buruhausteak sortu zizkien Athleticeko defentsei. Hala ere, Athleticeko Oihane Valdezatek izan zuen partida erabakitzeko aukera, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu zuen Reisen aitzinean, 93. minutuko azken segundoan.

Athleticek bultzaka hasi zuen luzapena, eta sei minututara jaso zuen saria. Granadillako atzelari batek Ane Azkonari ostiko eman zion aurpegian, arean sartzen ari zela, eta epaileak penaltia eman zuen. Garazik ez zuen hutsik egin. Kolpe handiegia izan zen Granadillarentzat, eta Athleticek luzapena lasai bukatzea lortu zuen, Lucia Garciak 115. minutuan eta Vanesa Gimbertek 119.ean egin zituzten golekin.

Realaren txanda, gaur

Lehiaketako bertze euskal taldea, torneoaren egungo irabazlea ere badena, gaur ariko da. Realak Madril hartuko du Zubietan, 18:00etan (ETB1). Joan den igandeko Espainiako Superkopako finala lehenbailehen ahaztea da txuri-urdinen helburua, Bartzelonaren aurkako 1-10ak soka luzea ekarri baitu. Finala jokatu zuten hamalau jokalarien artetik Barbara Latorre eta Itxaso Uriarte gelditu dira deialditik kanpo, baina Gonzalo Arkonada entrenatzaileak Kiana Palacios aurrelaria berreskuratu du. Reala eta Madril Zubietan aritu ziren azkenekoz, ligan. 5-0 irabazi zuen Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.