Mendekotasun legea

Noemi Uribe
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Aste honetan guri gertatutakoa idatzi nahi dut, zalantza asko sortu dizkidan gai bat delako. Nire alabari mendekotasunaren balorazioa egitera etorri ziren gure etxera, behar asko baititu eta eguneroko zaintza garrantzitsua baita beretzat, ospitaleratze luzeak ekiditeko. Gaixotasun kroniko bat baino gehiago ditu: fibrosi kistikoa, diabetesa, gibeleko gaixotasuna eta artritis erreumatoidea. Oso gogorrak dira, eta, ondo zaintzen ez baditugu, bizi itxaropena eta kalitatea oso murriztuak izan daitezke.

Goizeko bederatzietarako etorri ziren bi mediku gure etxera, jarrera oso hotzarekin, eta dena espainolez, ez baitzekiten euskararik. Esan zidaten lehenengo gauza izan zen «mendekotasunak eta gaixotasunak» ez dutela zerikusirik. Nire galdera bota nien beraz: «Orduan zer baloratzen duzue?». Ez zidaten ezer erantzun, baizik eta aurrekoari gehitu zioten ea nork esan zidan «mendekotasun balorazioa» egiteko. Esan nien gure mediku ekipoak, batez ere pneumologoak, zeren konbentzituta baitzegoen emango zigutela, gure alabak egunero behar duen guztiagatik; oraindik haur bat delako eta bakarrik ezin dituelako egin tratamendu guztiak: nebulizadoreak, intsulina eta kontrolak, arnas fisioterapia, gibelerako pilulak, enzima pankreatikoak, berrogei pilula egunero eta abar… Medikuen erantzuna: pneumologoak pneumologiari buruz badaki dena, baina honetaz, ez.

Etxe guztia begiratzen hasi ziren; egia esan, medikuak baino beste gauza bat ematen zuten: nire alaba eta ni, gero eta txikiago.

Galdetegiarekin hasi ziren: Bakarrik janzten da? Bakarrik jaten du? Bakarrik garbitzen da? Esan genion minez dagoenean laguntza behar duela, eta eurak: «Baina ez beti, batzuetan».

Orduan planteatu nien: «Zer da hau?». Ez dut nahi beste inorekin sartu eta zalantzan jarri beste guztien mendekotasuna, denak baitira onargarriak, eta ziurrenik behar dutelako izango da. Baina guk alaba bakarrik utzi dugunean lanera joan behar dugulako, susto handiak izan ditugu, eta ez etxean lasai konpontzekoak, edo albokoak edo aitona-amonak, ez! Ospitalera korrika joatekoak baino!

Horregatik, idatzi hau nahi dut egin,zeren uste baitut sasoia dela galdeketa hori eguneratzeko —XVIII. mendekoa dela ere esango nuke—, eta mendekotasunak gaixotasunak gehiago kontutan hartzeko, zeren orain dela urte batzuk nire alabaren gaixotasunarekin ez baitziren pasatzen adin txikietatik; horregatik ez zen beharrezkoa mendekotasuna kontenplatzea. Baina gaur egun, eta oraindik asko dago ikertzeko, nerabezaroraino heltzen dira; eta luzaroago arte ere bai, behar bezalako zaintza baldin badute.

Gure beharra eta nahia bere eguneroko zaintza da, eta bere bizi kalitatea hobetzea, berarekin etxean lasai egotea, ahal bada ez ospitalean; orain bezala, ia urte osoa bertan pasatzen baitu.

Bukatzeko, gustatuko litzaidake hau nolabait jendeak eta honetaz arduratzen direnek irakurtzea eta hausnarketa bat egitea. Zeren dirua barra-barra gastatzen baita beste gauza batzuetan, guk, kaleko jendeok, ezer jakin gabe. Ba, honetan inberti dezatela: gaixotasun kronikoak dituzten eta laguntza behar duten haur eta helduentzat, behar-beharrezkoa baita.Zeren oraindik ere beharbada bakarrik ahal baitu jan edo kalera irten, baina behar den bezala botikak eta bere tratamendu guztia ez badu egiten, agian laster ezingo du gehiago egin, gaurkoz laguntzarik ez duelako izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.