Euskal paisaia birziklatuaren kolore-testurak

Dan Feit pintore eta muralgileak azken urtean Euskal Herrian eta, batik bat, konfinamenduan landutako obra jarri du ikusgai Donostian

Dan Feit pintore eta muralgilea, atzo, Donostiako Okendo kultur etxean ikusgai jarritako lan baten aurrean. M. ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Duela bi urte heldu zen estreinakoz Euskal Herrira Dan Feit pintore eta muralgilea (Singapur, 1985). Oporraldi bat igarotzeko asmoz iritsi zen hasiera batean, baina gaur egun bikotekide duen laguna ezagutu, eta bertan bizitzen geratzea erabaki zuen iaz. Donostian bizilekua finkatu, eta berehala heldu ziren pandemia eta, harekin, konfinamendua. Etxean sartuta, pintatzen igaro zituen ordu dezente Feitek. Material askorik ez zeukan eskura, eta zeukan hori berrerabiltzera eta birziklapenaren bidea urratzera eraman zuen. Kalera ateratzeko aukerak zabaltzean ere, ildo berari eustea erabaki zuen, eta han-hemen topatzen zituen marko eta margogai zaharrak etxera eramateari ekin zion. «Jendeak gehiago behar ez duen hori berrerabiltzearen eta birziklatzearen ideia garatu nahi nuen. Nik ez dut kasik ezer botatzen, berdin dit jada balio ez badu ere». Donostian, Okendoko kultur etxeko erakusketa gelan zintzilik daude orain marko eta koadro horiek, bai eta hark pintatutako beste zenbait objektu ere. Urtebete Euskadin izenpean, apirilaren 30era arte egongo da zabalik erakusketa.

Yolanda Martin Marcos Okendoko kultur etxeko zuzendariaren ustez, bi puntu giltzarri dituzte Feitek erakusgai jarritako obrek. Horietan lehena, prozesu oso bat biltzen dutela barnean. «Danen obra ez da hasi eta amaitu egiten den lan bat. Konfinamenduan hasitakoak dira lan ia denak, baina garapen bat dute, eta etengabe elementuak gehituz eta kentuz joan dela erakusten dute. Horrek eragiten du, hain zuzen, kasu askotan obra asko aldatzen dela berak hasieran pentsatutakotik». Intereseko bigarren puntua, berriz, artistak Euskal Herriaz emandako ikuspegia litzateke, Martinen iritzian. Nola osatu duen paisaiaren beraren birziklapena ere bere margolanen bitartez. «Ageri dira kaleak, etxeak, paisaiak, bisaiak; denak oso modu pertsonalean jasota».

Duela bi urte etorri zenean, etxeak izan ziren arreta piztu zioten lehen gauza Feiti. Donostiako Parte Zaharreko etxe asko pintatu zituen, orduan, zirriborroen koadernoan. «Hemengo etxeen forma maite dut asko, teilatuaren forma hori». Londresera itzuli zen, irudi horiek hartuta —han lan egin izan du eta bizi izan da urte luzez, berrikira arte—, eta bigarren bidaian harago eragin zioten leku gehiago bisitatu zituen: Omako basoa (Kortezubi, Bizkaia), Zumaiako flyscha (Gipuzkoa) eta Txillida Leku museoa (Hernani, Gipuzkoa), besteak beste. Orduan hasi zen hiriaren, landaren eta naturaren gaineko iruditeria ere lantzen.

Ekainean, gainera, itxialditik atera eta gutxira, Donostiako Tabakaleran egonaldi bat egiteko aukera izan zuen, eta «euskal paisaien» serie bat sortzeko baliatu zuen. Feit: «Ez dira errepresentazio zuzenak, denek dute ukitu ameslari bat. Bere horretan ikusten dudana baino, nahiago dut antzematen dudan energia edo mundua margotzea».

Erretratuak, collageak, koadro markodunak, markogabeak, guztiz abstraktuak batzuk, erdiz besteak. Ugaria da erakusketaren proposamena. «Erretratuen kasuan, inoiz ez da norbait konkretua margolanetakoa, ezpada askoren arteko uztarketa», zehaztapena egileak. «Eta berdin da lekuekin ere, paisaiarekin». Guztietan ezer nabarmentzen bada, koloreen ugaritasuna eta haien bizitasuna da, eta ez bakarrik koloreena: testura desberdinak ere landu nahi izan dituela aipatu baitu Feitek. Horregatik daude hondarrez osatutako markoak eta azuleju gainean egindako lanak ere, besteak beste. Birziklapenaren zentzuari ere erantzuten diote, eta, koadroez gain, margotutako mahai baxu bat eta pitxer bat ere badira. «Gustatzen zait altzairuak margotzea, gainetik erretxina eman eta gero erabiliak izan daitezen».

Azkar, asko, aldi berean

Azkar lan egitekoa dela azaldu du margolariak. Egin eta berregin aritzea atsegin duela, eta, margo bakar batean zentratu gabe, aldi berean, pintzelak gainazal askotan batera erabiltzea. «Ahalik eta modurik zuzenenean lan egitea gustatzen zait. Dagoena aprobetxatzen dut; bidean gustuko ez dudana moztu, gainetik margotu, behar adina moldatu». Aurrez batik bat muralgile modura aritu izan da, eta azken urteko lanak eta Euskal Herrira egindako lekualdatzeak bere obrari «bira bat» eman diotelakoan da. Londresen aldean, hemen «espazio gehiago» topatu duela dio.

Erakusketak iraun artean, eskola magistral bat (martxoak 25) eta Feitek gidatutako bi eguneko sormen tailer bat ere antolatu dituzte (apirilak 15 eta 22) kultur etxean. Horiez gain, zuzenean mural bat margotzen ariko da erakusketan bertan Feit, bost ostiral iluntzez segidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.