Finala, nafarren artekoa

Buruzgainek Errekari irabazi dio Berria txapelketako finalerdietan, baita Oberenak Tolosari ere. Bi pilota elkarte horiek ariko dira txapela irabazteko lehian, igande honetan, Hernanin

Rekalde Oberena klubeko kadete mailako aurrelaria, pilota jotzear, joan den igandean, Hernanin, Tolosaren aurkako Berria txapelketako finalerdian. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Egon izan da okerrago pilota afizionatuaren egoera Nafarroan, baina berriro ere onbidean sarturik dira hango elkarteak. Azken urteetan loraldia bizitzen ari dira, eta XVIII. Berria txapelketako emaitzak dira horren isla. Nafarroako bi elkartek eskuratu dute final handia jokatzeko sailkapena: Ultzamako Buruzgainek eta Iruñeko Oberenak. Ultzamarrek ezusteko handia eman dute Doneztebeko (Nafarroa) Errekari irabazita. Oberenak, ordea, ez du arazo handirik izan Tolosa garaitzeko (Gipuzkoa). Hortaz, igande honetan, Nafarroara joango dira txapelak. San Joan jaien egitarauaren barruan, Hernaniko (Gipuzkoa) pilotalekuan gozatzeko parada ederra izango dute pilotazaleek, 17:00etatik aurrera.

HERNANIN
Erreka (Doneztebe) 1
Buruzgain (Ultzama) 2


Pronostikoak ederki hautsi zituen Buruzgainek Errekaren aurkako finalerdian. Historiari erreparatuta, faborito izaerarekin kantxaratu ziren doneztebearrak, baina pilotari batzuk falta izana garesti ordaindu zuten. Hain zuzen, arazo handiak izan zituzten taldea osatzeko ere, eta kadeteen arteko partidan begien bistan geratu zen hori. Lehia handirik gabeko neurketa izan zen, eta Buruzgaineko Aldazek eta Martikorenak 22-1 irabazi zieten Errekako Barbarini eta Eskuderori. Adinez gazteagoak izaki, kantxan asko sufritzea egokitu zitzaien galtzaileei, baina garaileen maila ere goraipatzekoa izan zen.

Emaitza horrekin, gazteen arteko lehian puntua eskuratu beharrean zen Erreka. Baina ezin izan zuen. Barberenak eta Gara-ñok 22-11 menderatu zituzten Agesta anaiak. Kasu horretan ere pilotari gazteago batekin jokatu beharrean izan ziren doneztebearrak, eta igarri egin zuten. Partidak hasiera berdindua izan zuen, Garañok eta Agestak lehia polita izan baitzuten atzeko koadroetan, baina lan erdietatik aurrera nekea sumatu zuen Doneztebekoek, eta Buruzgaineko bikoteak horixe baliatu zuen puntua eskuratu eta kanporaketa irabazteko.

Horiek hala, nagusien partida hasterako erabakita zegoen guztia, baina, gutxienez, Errekak ohorezko puntua eskuratu zuen, Apezetxeak eta Cuairanek 22-9 irabazi baitzieten Iriarteri eta Olideni. 8-5ekora arte berdintasuna izan zen nagusi, baina hortik aurrera Cuairanek agindu zuen. Egungo atzelaririk onena dela erakutsi zuen. Buruzgainek lehen aldiz jokatuko du Berria txapelketako finala.

HERNANIN
Oberena (Iruñea) 3
Tolosa 0


Buruzgainek ezagun zahar bat izango du aurkari finalean, makina bat aldiz lehiatu behar izan baitu Oberenaren aurka. Iruñeko elkarteak ez zuen gupidarik izan Tolosarekin, eta hirutik hiru partidak irabazi zizkion. Oso erraz, gainera. Kadeteen mailako norgehiagoka izan zen denetan orekatuena, eta Rekaldek eta Okiñenak 22-14 irabazi zieten Insaustiri eta Castori. Bi bikote sendo aritu ziren aurrez aurre, eta bederatzina arteko berdinketara arte oreka izan zen nagusi. Atzean nor baino nor gehiago aritu ziren pilotariak, eta aurrean tanto apartak egin zituzten bi aurrelariek. Lan erdietatik aurrera, eskuak mindu zitzaizkion Castrori, eta hortxe amaitu zen partida. Piloteoan nagusitzen hasi zen Oberena, eta aurkarien ahuleziari etekina ateratzen asmatu zuen.

Gazteen arteko neurketa ere ez zen oso lehiatua izan. Euskal Herriko bikote onenetakoa kantxaratu zuen Oberenak, Sarasibarrek eta Santestebanek osatua, eta bi aurrelarirekin jokatu behar izan zuen Tolosak: Iraetarekin eta Tolosarekin. Aparta izan zen nafarrek emandako erakustaldia. Santestebanek pilota errebote inguruan ibili zuen une oro, eta aurrean era guztietako tantoak egin zituen Sarasibarrek. 22-9 izan zen emaitza; argigarria.

Are errazago nagusitu zen Oberena jaialdiko hirugarren partidan, nagusien artekoan. Canabalek eta Aldabek 22-4 menderatu zituzten I. Amiano eta Albeniz. Ohi bezala, bikote bikaina osatu zuten nafarrek, eta konfiantza hartu zuten igandeko finalari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.