Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Aferaren muina (II)

2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Eman dezagun Errusiako Munduko Kopako Kolonbia-Ingalaterra futbol partida ikusten ari zarela. Eskoziako hiriburu handienetako batean, eta populazio aldetik Erresuma Batuko hirugarren handiena dena: Glasgow. Zehazki, Scottish Television (STV) eremu nazionaleko telebista komertzialean. Ohi baino gehiago iraun du partidak; izan ere, penaltietan erabaki da azken emaitza; Ingalaterra sailkatu da final-laurdenetarako. Beraz, gutxi gorabehera 60 minutu gehiago itxaron behar izan dituzu gaueko albistegia ikusteko.

Eman dezagun zure eremu geografikoa (Eskozia) erreferentzia duen gaueko albistegi hori Errusiako Munduko Koparen emaitzarekin hasten dela. Alegia, estatu mailako futbol taldearen garaipenarekin. Titularretako bigarren albistea, aldiz, nazioartekoa da: Thailandiako Tham Luang kobazuloan harrapatuta dauden lagunen erreskatea. Ordea, albisteen korapilo tarteari nazioartekoaz ematen diote hasiera; ondotik, Errusiatik zuzeneko konexioak barne, Ingalaterraren futbol garaipenaz luze eta zabal aritzeko. Hala, albistegiaren lehen hamabost minutuak joan zaizkizu.

Eman dezagun zure eremu geografikoa erreferentzia duen albistegiaren hirugarren gai nagusia ere kanpokoa dela. Zehazki, estatu mailakoa. Chester-eko (Erresuma Batua) ospitalean, 2015-2016 bitartean, emakumezko erizain batek ustez egindako hamazazpi jaioberriren hilketa. Jada, albistegiaren 20-23 minutuak joan dira. Horrekin batera, ikusle gehienen arreta. Eskozian geratutakoei buruz, momentuz, ezta hitz bat bera ere telebista komertzialean. Bada, ez duzue imajinatu beharrik; asteartean bertan gertatu zen.

Horregatik behar dugu telebista publikoa; audientzia datuen eta etekin ekonomikoen aginduetara jarduten duten kateek eskaintzen ez duten zerbitzua bermatua egon dadin herritarrentzat. Hurrenez hurren, informazio, entretenimendu eta dibulgazio gaien gaineko programaz osatua. Prime time ordutegian eta hortik kanpo, gutxienez, telebista publikoa finantzatzen dutenek zer ikusi hautatzeko eskubidea izateko.

Tamalez, oraindik ere telebista publiko askotan ez da halakorik bermatzen, eta ikusleak berak egin behar du ahalegina ezartzen zaizkion eduki, hizkuntza eta erreferentzia geografikoetatik irteteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.