Osasuna

Txankletak, «kaltegarri»

Udan, txankletak «oker» erabili ohi dira, eta oinetako egokiak ez erabiltzeak kalte ugari eragiten ditu oinetan eta gorputz osoan

Txankletak leku hezeetan eta hondartzara edo igerilekura joateko baino ezin dira erabili. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Etxe bateko zatirik garrantzitsuena zimenduak dira; zimenduak gaizki zainduta badaude eta pobreak badira, egitura osoak sufrituko du. Gauza bera gertatzen da giza gorputzarekin: «Oinak ondo zainduta eduki behar ditugu belaunak eta gerrialdea ondo izateko, oinak ondo izateak eragin zuzena baitauka gorputz osoan», Almudena Rebollo podologoaren arabera.

Donostiako Poliklinika Gipuzkoa ospitaleko Podologia Saileko medikua da Rebollo, eta podologo gisa adierazi du «txankletak oker erabili» ohi direla. Udan, tenperatura igo egiten da, eta jendeak arinago jantzita joan nahi izaten du, hondartzara edo igerilekura joateko, baita etxe inguruan ibiltzeko ere. Arintasun horren adibide garbi bat da txankletak erabiltzea: mundu guztia ibiltzen da txankletekin,oso oinetako arina delako, eta estetikoa. Baina erabiltzaileek ez dakite benetan txankletek zenbateko kaltea eragiten duten gorputzean

«Txankletak ez dira ibiltzeko oinetakoak, ez dutelako batere eusten. Horrek desoreka eragiten du gorputzean, eta gainkarga, gihar lesioak eta ondoeza dira horren ondorioak», esan du Rebollok. «Txankletak soilik etxetik igerilekura edo hondartzara joateko eta leku hezeetan ibiltzeko balio dute: hondartzako irteeran dauden iturrietan, aldageletan, gimnasioetako dutxetan... Egoera horietan onddoak edo papilomak ez harrapatzeko ezinbestekoak dira txankletak, baina oker bat da gainerako kasu guztietan erabiltzea».

Rebollo doktoreak dioenez, kasu jakin batzuetan baino ezin dira txankletak erabili. Beraz, gainerakoan zer oinetako mota erabili beharko litzateke? Batetik, oinetakoen ehunak ahalik eta transpiragarriena izan behar du: «Udan, oinak asko izerditzen dira eta izugarri berotzen dira». Bestetik, txankletek oso ondo eutsi behar diete orkatilei: «Oinetakoek orkatilei ondo eusten badiete, txankletek eragiten dutena eragozten dugu: desoreka».

Barne zolekin, zer?

Pertsona ugarik barne zolak erabiltzen ditu, baina, udako oinetakoekin bat ez omen datozenez, udazkenera arte tiraderan hautsa hartzen geratzen dira. Rebollo doktoreak argi dio oso kaltegarria dela barne zolak erabiltzeari uztea. «Guk nahi duguna eskainiko diguten oinetakoak edo sandaliak jantzi behar ditugu; eta barne zolak erabiltzen baditugu, badaude ateratzeko barne zoladun sandaliak, espazio horretan geureak sartzeko aukera ematen digutenak».

Oinetako egokiak janztea ezinbestekoa da udan oinak eta, ondorioz, gorputza ondo zainduta izateko. Hala ere, beste bi neurri ere hartu behar dira. Batetik, oinak hidratatzea «oso garrantzitsua» da. «Oinek udan askosufritzen dute, beroarengatik gehiago izerditzen direlako. Horregatik, oinak ondo hidratatuta izateak pitzadurak agertzea, papilomak eta onddoak izatea eeragozten du. Oinetako azala hidratatuta edukitzeak indartsuago egiten ditu oinak». Bestetik, ezin dugu ahaztu eguzkitako krema oinetan ere emateaz: «Oinak ere erretzen dira, eta kontuan hartuta oinaren azala, eta gehienbat ifrentzuarena, oso fina dela, edozein erredura edo urradura arriskutsua izan daiteke».

Podologoarenean

Beste urtaroetan, Rebolloren kontsultara doazen pazienteak gogorguneak kentzera eta desoreka arazoak konpontzera joaten dira normalean; «Udan oinak gehiago zaintzen direla iruditzen zait. Oinetako irekiagoak janzten ditugunez, oinak ageriago daude, eta, askotan, lotsa ematen digu gogorguneak eta maskurrak agerian izateak. Horregatik, gehiago hidratatzen ditugu». Udan, haren kontsultan onddoak eta papilomak agertzeagatik izaten dira paziente asko, baina estetikak garrantzi handia dauka: «Gogorguneak eta hiperkeratosia kentzera ere badatoz». Hala ere, arazo nagusia gihar gainkarga izaten da, gutxi eusten duten edo batere eusten ez duten oinetakoak erabitzeagatik.

Horregatik, osasuntsu izateko, udan ere zentzuz aukeratu behar dira oinetakoak. Izan ere, «gorputzaren bukaeran daudenez, badirudi oinetaz ahaztu egiten garela».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.