Suziri baten eran aritu dira

Buruzgain eta Txukun Lakua erraz sailkatu dira Berria Txapelketako final-laurdenetarako

Ruiz II.a Gasteizko Txukun Lakua taldeko Kadete mailako aurrelaria. GORKA RUBIO / FOKU.
jon eskudero
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Suziri baten moduan agertu dira joan den asteburuan Ultzamako Buruzgain eta Gasteizko Txukun Lakua pilota elkarteak, XVIII. Berria Txapelketan. Besteak beste, hirutik hiru partida irabazita lortu baitute final-laurdenetarako sailkatzea. Biek ala biek Gipuzkoako elkarte bana menderatu dute: Amezketako Zazpi Iturriren ibilbidea eten du Buruzgainek, eta Hernanik ere ezin izan du ezer egin Txukun Lakuaren aurrean. Hots, Hernani izan da lehiaketatik kanpo geratu den lehenengo multzoburua. Hortaz, nafarrek eta arabarrek elkarren kontra jokatuko dute final-laurdenetan, ekainaren 4ko asteburuan.

HERNANIN
Buruzgain (Ultzama) 3
Zazpi Iturri 0


Kanporaketa estuagoa espero zen igande goizez Ultzamako Buruzgainen eta Amezketako Zazpi Iturriren artean, baina ez zen hala izan inondik ere. Ibilbide oparoa egin dute gipuzkoarrek aurtengo ekitaldian, pilotari gazte interesgarriak azaldu baitituzte, baina koska bat gorago daudela nabarmen erakutsi zuten ultzamarrek. Urtero bezala, talde sendo eta ona kantxaratu zuten, eta urrutira iristeko hautagaietako bat izango dira. Jaialdiko lehen partidan, kadeteen artekoan, Aldaz eta Martikorenak 22-8 menderatu zituzten Gorostidi eta Karrera. Lehen zatia lehiatua eta distira handikoa izan zen, atzelarien piloteo onaz gain aurrelariek ere tanto apartak egin baitzituzten aurrean. 8-6kotik aurrera, ordea, erritmoari eutsi zioten nafarrek, eta erraz nagusitu ziren.

Jaialdiko neurketarik estuena izan zen gazteen artekoa, eta Buruzgaineko Barberenak eta Garañok 22-20 irabazi zieten Zazpi Iturriko Armaolea eta Mujikari. Hamabosnako berdinketara arte gidoi berbera nagusitu zen: Garaño nagusi zen atzean, baina haren aginteari ez zion etekinik ateratzen Barberenak, eta kontraerasoan era guztietako tantoak egiten zituen Armaoleak. Irekita zegoen lehia, baina nekea agertu zitzaien gipuzkoarrei, eta, horri esker, gorriak 21-15 aurreratu ziren. Bazirudien dena erabakita zegoela, baina tanto bakar batera jarri ziren urdinak. Halere, azkenean bigarren puntua eskuratu zuen Buruzgainek. Kontuak hala, lanak oso bideratuta zeuzkaten nafarrek azken partidarako, eta ez zen kolorerik izan. Ultzamako Iriartek eta Murillok 22-12 menderatu zituzten Gorostidi eta Plazaola. Oraindik ere gazteak direla igarri zitzaien azken horiei. Iriarte izan zen laukoteko onena.

HERNANIN
Hernani 0
Txukun Lakua (Gasteiz) 3


Igande arratsaldez, multzoburuetako batek esan zion agur txapelketari: Hernanik. Ezin izan zuen ezer egin Gasteizko Txukun Lakuaren aurrean. Hutsuneek baldintzatu zuten etxekoen maila, baina ezin ken dakioke meriturik gasteiztarren lanari, aurtengo ekitaldiko sorpresa atsegina izaten ari baitira. Kadeteen mailan, izerdi gutxi botata irabazi zuten arabarrek estreinako puntua lortzeko, 3-22 nagusitu baitziren Ruiz II.a eta Moto Arretxe eta Alberdiren kontra. Emaitzak ageri duen moduan, ez zen kolorerik izan, eta beste erritmo batean jokatu zuten garaileek. Lehiatuagoa izan zen gazteen arteko norgehiagoka, eta hobea ere bai. Deskargak eta Alegriak ordezkatu zuten Hernani; Ruizek eta Palaciosek Txukun Lakua. Hamaseinako berdinketara arte, estu egon ziren kontuak. Alegriak agindu egiten zuen atzeko koadroetan, baina lan horri fruituak eman ezinda aritu zen aurrean Deskarga. Horregatik, bizirik mantendu ziren arabarrak, eta azken txanpara fisikoki osoago iritsi, eta garaipena eskuratu zuten azkenean (16-22).

Nagusien partida hasterako, erabakita zegoen guztia, baina hirugarren puntua ere poltsikoratzea izan zuen xede Gasteizko klubak. Diaz de Gereñuk eta Markaidak 22-14 menderatu zituzten Salaberria eta Ortiz de Urbina. Oso partida entretenigarria jokatu zuten, atzeko koadroetako lehiaz gain aurrean ere distiratsu aritu baitziren aurrelariak. Azken tantoetan opari gutxiago egiteagatik nagusitu ziren arabarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.