gorka julio
IRLEN SAREA

Bi garaipen txiki

2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Interneti eta askatasunei lotutako bi albiste garrantzitsu izan dira azken asteetan, batak Espainiako Estatuari eragiten dio eta besteak bereziki, baina ez soilik, Frantziakoari.

Espainiako Senatuak urtarriletik aurrera aplikagarria izan daitekeen zerga digital berri bat onartu du. Mundu osoan 750 milioi euro baino gehiago fakturatzen duten edo Espainian bakarrik 3 milioi euro fakturatzen dituzten enpresa teknologikoen diru sarreren %3 izango da tasa digitalaren karga. Horrekin, hasiera batean 1.200 milioi euro biltzeko helburua bazuten ere, ziurrenik gutxiago izango dela aurreikus daiteke.

Urtarrilean jarriko dute martxan, izan ere, hiru hilabete igaro behar dute BOEn argitaratzen direnetik, eta EAEko eta Nafarroako foru ogasunekin negoziatu behar delako tasen likidazioaren banaketa.

Oso enpresa gutxiri, handienei bakarrik, eragiten dio eta kopuru oso txikietan, baina nahikoa izan da aurka egiteko eskuin kontserbadore-liberal-faxistako alderdien aldetik. Berriro ere erakutsiz, programa ekonomikoan erabateko adostasuna dutela.

Beste alde batetik, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Quadrature du Net-ek beste batzuekin batera aurkeztutako auziari arrazoia eman dio. Bereziki Frantziak egiten duen metadatu bilketa masiboaren kontra egitea eskatzen zuten pribatutasunaren aldeko agente horiek. Frantziako Gobernuak Internet hornitzaile eta telefono enpresei, salbuespenik gabe, biztanle guztien metadatuak erregistratzeko eskatzen zien (norekin, noiz, nondik hitz egiten zuten). Bada, hemendik aurrera, ezingo dute egin; ez, behintzat, orain arte bezala.

Gobernuak oraindik ere eska diezaieke hornitzaileei biztanle guztien IP helbideak izan ditzatela. Orain, helbide horiek delitu larriari aurre egiteko edo segurtasun nazionala (batez ere terrorismoa) babesteko soilik erabil daitezke. Horretaz gain, hemendik aurrera legeak ezin ditu web ostalariak behartu erabiltzaileak monitorizatzera eta argitaratzen dutena, non eta noiz egiten duten zelatatzera. Erabaki horrek frantziar legearekin talka zuzena egiten du, eta, beraz, moldatu egin beharko dute.

Bi garaipen txiki, garaipen izenda badaitezke, gerraren atal digital honetan; dudarik gabe gerra izenda daitekeelako, gure bizitzen kontra sistemak darabilen etengabeko jardunbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.