Hazten segitu ahal izateko txapela

Bigarren Mailako buruz buruko finala jokatuko dute gaur Arteagak eta Elordik. Bi pilotariak «gogotsu» daude gaurko norgehiagokarako

Elordi eta Arteaga pilota aukeraketaren egunean. JON URBE / FOKU.
Ainara Arratibel Gasconb
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Axier Arteagak eta Aitor Elordik beste urrats bat egin nahi dute pilotari onenekin lehiatzeko bidean, gaur Tolosan buruz buruko Bigarren Mailako txapelketa irabazita. Arteagak behin irabazia du txapel preziatua, 2017an. Horrenbestez, bigarrena nahi du. Elordik, berriz, iazko arantza kendu nahi du, galdu egin baitzuen Darioren aurkakoa. Garaileak aukera izango du datorren urteko Lehen Mailako buruz burukoan atarikoa jokatzeko. Sari handia, aurtengoan Dario bera finalerdietara ailegatu dela kontuan hartuta.

Lehen Mailako finalean gertatzen den bezala, bi pilotariek ondo ezagutzen dute elkar. 24 urte dituzte, eta egun bateko aldearekin egin zuten debuta profesionaletan. 2016ko urtarrilaren 3an Elordik, eta urtarrilaren 4an Arteagak. Gainera, prestatzaile fisiko bera dute. Final parekatua espero da horrenbestez.

«Gogotsu» dago gaurko finalerako Arteaga. «Elordi oso indartsu dago, eta partida ona jokatu beharko dut irabazi nahi badut».Hatz bat hautsi, eta txapelketan parte hartzeko zalantzan izan zen Arteaga. «Nahi baino entrenamendu gutxiagorekin abiatu nuen txapelketa, baina gero eta hobeto nago».

Harritu egin zen Elordik finalerako aukeratutako pilotekin. «Uste nuen arinagoak, biziagoak, aukeratuko zituela. Baina badute gorputza eta pisua»,

Pilotak kontuan hartuta, Arteagak luze jokatuko diola uste du Elordik. «Ni frontisetik ahalik eta urrutien egotea nahiko du. Hori saihestu beharko dut. Niretzat funtsezkoa izango da sakean asmatzea, eta haren errestoarekin adi egotea, tantoa ahalik eta azkarrena amaitzeko».

Iazko finala galtzeari ez dio aparteko garrantzirik eman. «Aurtengo txapelketaren gauzarik onena da oso bizkorra izan dela, eta finalerdietatik finalera ez daudela bi aste».

«Gogotsu» dago. «Niretzat bigarren final hau jokatzea urte hauetan egindako lanaren sari da. Pilotan hasi nintzenean ez nuen uste sekula buruz buruko final batera ailegatuko nintzenik. Pozik nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.