Lau pilotariek merezi zuten norgehiagoka

Bihar jokatuko dute Baikoko pilotarien greba zela-eta jokatu ez zen binakako finalerdia: Ezkurdia-Martija, Agirre-Albisuren aurka

Albisu, Agirre, Ezkurdia eta Martija, atzoko pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Koronabirusak eraginda aurrena, eta Baikoko kirolarien grebak gero, aurtengo binakako txapelketan tantaka jokatu dira norgehiagokak: martxoan bat, urrian hurrengoa... Azkenean, atzerapenak eta epaitegiak tarteko, bihar jokatuko da hainbeste zeresan eman zuen bigarren finalerdia, Bilboko Bizkaia Frontoian (22:15, ETB1). Nor baino nor gehiago ariko dira Ezkurdia eta Martija, Agirreren eta Albisuren kontra. Atzoko pilota aukeraketan, pilotariek aitortu zuten azken hilabeteetan erritmoa galduta ibili direla, baina «gogotsu» daude.

Jon Ander Albisuk onartu zuen «zaila» egin zaiola dinamikan sartzea, eta Joseba Ezkurdiak esan zuen biharko partida irabazi eta astearteko finalera helduko balitz ezingo duela lau eta erdirako behar bezala entrenatu. Baina laurek argi utzi zuten astearteko finalean egoteko lehiatuko direla. Finalean, Olaizola II.a-Urrutikoetxea bikotea dute zain.

Ia jokatu gabe geratu zen biharko partida. Urriaren 10ean zuen data, baina Baikoko pilotariak greban zeuden orduan, eta Asier Agirre eta Albisu ez ziren norgehiagokara aurkeztu. Kontuan izan behar da, gainera, berez Unai Laso izan zela Albisuren bikotea txapelketan, baina Baikok ez zionez kontratua berritu, Agirrek hartu zuen haren lekua. Aspen, berriz, Julen Martija ez zen egun hartan Bizkaia Frontoian egon, koronabirusa zuelako. Iñigo Bikuña izan zen haren lekuan.

Epaileak 22-0 eman zien irabazitzat partida Ezkurdiari eta Bikuñari, baina ELAk helegitea aurkeztu zuen, Baikoko pilotarien greba eskubidea urratu zela salatuz. Azkenen, greba bertan behera geratu, eta auzibidea eten egin zen, finala biharko programatuz.

Baikoko pilotariez gain, Aspekoek ere txalotu dute erabakia. Ezkurdiak atzo esan zuen «nahiago» duela Partida jokatzea, Baikoko bikoteak ere «merezi» duelako. Albisuk jokatu ahal izate hutsa azpimarratu zuen: «Hilabete konplikatuak izan dira; tartean bilera asko egin ditugu, eta buelta asko eman ditugu. Irabaztea gustatuko litzaidake». Agirrek ere «garrantzitsua» iritzi zion: «Uste genuen jokatzeko eskubidea genuela. Aukera aprobetxatzen saiatuko gara».

Atzelarientzat berezko garrantzia izaten du binakako txapelketak, Martijak adierazi zuenez: «Jokatzen dugun txapelketarik inportanteena da. Nik urteak daramatzat finalera heltzen saiatzen». Albisuk «aukeratzat» jo zuen: «Sari potoloa da urte osoan egindako lanagatik».

Finalerdiaren gakoak

Bi bikoteek ondo aztertuak dituzte indarguneak eta ahulguneak, arerioenak eta eurenak. Ezkurdiak neurketa bizkorra izateko nahia adierazi zuen: «Gustura gaude materialarekin. Pilota azkarrak aukeratzen saiatu gara». Aspeko pilotariarentzat, «pilotaren abiaduran» egongo da gakoa: «Ondo funtzionatu dugu erritmoa guk jarri izan dugunean. Hori lortzen badugu, irabazteko aukera asko izango ditugu». Albisuk autokritika egin zuen, azken partidetan, «ondo» aritu arren, pilota gehiegi «oparitu» dituelako. Hori hasieratik ekiditea du buruan. «Frontoiko girorik gabe, gaizki hasiz gero, zaila izango da buelta ematea».

«Gogoz eta ilusioz» ekingo dio finalerdiari Baikokoak, baina, halere, jakitun dago geldialdiak «eragina» izan duela: «Txapelketako presioarekin hobeto entrenatzen duzu; partidan tentsio gehiagorekin zaude». Martijari, ordea, bere lehen finala izango litzatekeenera heldu ahal izateak eragin liezaioke gehien: «Orain, nahiko lasai nago, baina egia da partida egunean batzuetan urduri jartzen naizela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.