Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Plutonio eta gezur erauntsia

2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gerra Hotza zer izan zen —eta zer izan zitekeen—, zer arrisku sortu zituen, zer presentzia izan zuen —eta zergatik— Francoren mendeko Espainian, nola ezkutatu zen presentzia hori, informazioa nola manipulatzen zuten orduan Espainiako eta AEBetako gobernuek... Ezagunak izan arren, dokumentatzea eta gogoratzea komeni den kontu ugari uzten dituzte agerian Palomares. Días de playa y plutonio telesail dokumentala osatzen duten lau atalek. David Beriain artaxoar kazetari Burkina Fason erail berria izan da lan honen ekoizle eragileetako bat, Marias Rekarterekin batera, 93 metros ekoiztetxe nafarra Movistar Plusekin lankidetzan aritu baita Palomares sortzeko. Zuzendaria Alvaro Ron izan da.

Almeriako (Espainia) Palomares herrian, 1966an, lau lehergailu termonuklear garraiatzen ari zen hegazkin bat lehertu zen, airean erregaiz hornitu behar zuen beste hegazkin batekin talka egin eta gero. Bonba termonuklearrak ez ziren lehertu, baina plutonioa isuri zuten, eta inguruko erradioaktibitate mailak gorakada izugarria izan zuen. Gainera, lehergailuetako bat ezin aurkiturik aritu ziren, jo eta su, larrialdi egoeraren ondorioz AEBetatik Palomaresera joandako 1.600 soldadu. Hala ere, bizilagunei informazioa ezkutatuz eta arrisku oro errotik ukatuz, lasaitasun mezuak zabaldu zituzten AEBetako eta Espainiako gobernuek. Ahalegin horren irudi ikoniko bihurtu zen Manuel Fraga Iribarnek, Espainiako Informazio eta Turismo ministroak, AEBen Espainiako enbaxadorearekin batera, Palomaresko Quitapellejos hondartzan, kazetari andana baten aurrean, hartutako bainua.

Bertsio ofizialaren fidagaiztasunaren adibide paradigmatikoa izan zen Palomaresko istripuaren ondoren gertatutakoa, eta egun, oraindik ere, 55 urteren buruan, plutonioa ez da desagertu Palomarestik eta inguruetatik, AEBetako soldaduek isuritako zati bat baino ez baitzuten garbitu.

Aitzakiarik gabeko telesail dokumental biribila da Palomares, askotariko elementuak batuz—Palomaresko bizilagunen eta AEBetako armadak orduan bidalitako ordezkari batzuen lekukotasunak, artxiboko irudiak, aktoreekin landutako fikziozko pasarteak...— gertatutakoa ondo dokumentatzeaz gain, ikuslearen interesari bizirik eustea lortzen baitu, fikzio hutsezko ekoizpen askok baino bizitasun handiagoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.