Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Desaktibatutako lehergailua

2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Horretarako eskubidea ematen dien beka bat lortuta, «ergel bat, integrista bat eta ukabila altxatzen duen bat» (Christian, Nadia eta Samu) sartu dira Las Encinas eliteko ikastetxean Carlos Montero, Dario Madrona, Dani de la Orden eta Jorge Torregrossaren Élite telesailaren 4. denboraldiaren hasieran (Netflix, 2021), eskola horretako ikasle aberaskume batek (Guzmanek) azaltzen duenez. Hortik sortuko dira denboraldiko gorabehera nagusiak, gai askorekin lotuak: klase sozialen arteko desberdintasunak, pribilegioak, migratzaileen integrazioa, kultur aniztasuna, arrazismoa, konbentzio sozialak, aurreiritziak, drogak, sexua, hiesa... eta baita argitu beharreko krimen bat ere.

Alderdi askok egiten dute erakargarri telesaila, eta baita laugarren denboraldia ere: egikera profesional txukuna, aktoreen lana barne; ondo egituratutako trama... eta batez ere sofan eserita, edo etzanda, pantaila aurrean eserita aberatsen mundu luxuzkoan sartzen zarela sentitzeko ematen duen aukera, jakin arren ez zaudela benetan mundu horretan, mundu horren irudikapen artifizial eta neurri batean topiko batean baizik; pasarte batzuetan ez oso sinesgarria, gainera, dena esan behar baldin bada.

Ez da telesail batek ideia hori burura ekarri didan lehen aldia. Garai batean «kritika soziala» izan zitekeen gizarteko elite ekonomikoen bizimodua eta haien azpikeriak erakustea, daukatena edukitzeko eta daukatenari eusteko ohikoak dituzten bidegabekeria aski ezagunak barne, baina susmoa dut gaur egun ustezko kritika horrek ez duela eraginik kritika moduan, eta statu quo deritzonaren —zeritzonaren?— eraldaketa baino gehiago hura bere hartan finkatu eta sendotzea bultzatzen duela, neurri profilaktiko gisa gehiegikeriak saihesteko gutxieneko muga etiko batzuk ezarrita baldin bada ere.

Zuzentasun politikoari eusten dio une oro Élite-k, aurreko denboraldietan bezala laugarrenean ere, heltzen dien gai guztietan—aporofobiarenean, arrazismoarenean, homofobiarenean...—, eta baditu alde horretatik eszena interesgarri eta gogoangarriak ere. Baina, aldi berean, agerian uzten ditu ikus-entzunezko fikzioak gaur egun, zuzentasun politiko horretatik harago, sakoneko eraldaketarako tresna gisa dituen mugak eta ezinak. Desaktibatutako lehergailu baten antzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.