Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Tabutik sexu iraultzara

2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Sexua beti izan da tabu bat gure gizartean, eta tabu horrek arazo asko sorrarazten ditu pertsonen arteko harremanetan. Sexuaren inguruan dauden debekuei aurre egiteko borroka asko eraman dira aurrera. Feminismoa eta queer komunitateak sexu askatasunaren alde borroka egin dute urteetan zehar, baina oraindik asko dago egiteko.

Netflixen ikusgai dagoen Sex Education telesaila tabu asko apurtzen saiatu da azken bi urteetan. Erresuma Batuko telesail arrakastatsuak institutu bateko gorabeherak kontatzen dizkigu. Hasiera batean, nerabezaroaren inguruko beste telesail bat zirudien, baina bertan kontatzen diren istorioak nahiko berritzaileak dira, eta protagonistek sexu aukera desberdinen inguruan hitz egiten dute. Bertan, homosexualitatearen inguruan hitz egiten da, eta pertsona ez binarioak agertzen dira azken denboraldian ere. Telesail horretan kontatzen diren gatazkek pertsona helduei eragiten digute, eta hori da istorioaren arrakastaren gakoa, nerabe horien bizipenak helduek ere bizi izan ditugula.

Hirugarren denboraldia irailean estreinatu zen, eta bertan eman diren gorabeherak oso bereziak izan dira. Sexuaren institutua-ren ezizena hartu du eskolak, eta horri aurre egiteko, zuzendari berriak debekuak eta arauak ezarri ditu bertan. Arauen artean, uniformea jartzeko derrigortasuna ezarri du. Horrek gatazka sortuko du ikasleen artean, batez ere ez binarioa den Cal ikaslearengan. Sexu hezkuntzako irakasgaiko edukiak guztiz aldatzen ditu zuzendariak, eta bertan sexu-abstinentziaren aldeko mezuak helarazi nahi dizkie zuzendari berriak ikasleei. Horrek, ikasle batzuen artean haserrea pizten du, eta pixkanaka sexu iraultza aldarrikatzeko performance berezi bat antolatuko dute. Ikasleek beren helburua lortu dute, eta debeku eta arau berriak ezarri zituen zuzendariak bere dimisioa aurkezten du.

Ikasleak batu dituen ekintza berezi horrek, aldiz, ondorio nahiko larriak ekarriko ditu institutuarentzat. Kasu honetan, sistema kapitalista patriarkalak sexu askatasunaren aurka egiten du. Iraultza sexuala piztu ostean, dena deuseztatzen da, baina protagonisten bizitza guztiz aldatu da. Hemendik aurrera, fikzioaren protagonistek argi dute zer nahi duten, eta ikusi beharko da zer dakarren iraultzaren osteko etorkizunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.