Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Aldaketa

2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Inspirazioz gabetuta dagoenak inguruan bilatu ohi du zerutik ez datorkion hori. Nik inguruan galdetzen dut, badaezpada: aizue, bada azken boladan telebistan ikusi duzuen eta iruzkintzeko modukoa den ezer? Ez pentsa erantzun borobilegiak jasotzen ditudanik: gertukoenek (ere) ez dute ohiko telebista gehiegi ikusten, eta nazioarteko telesailak edo reality-ak aipatu ohi dizkidate. Baina salbuespenik ere bada: azkena, aitak egin zidan iradokizuna. «Angels Barcelok aurkezten du, eta El cambio du izena». Ohiko irizpidea aldatu, eta saioari begira jarri behar izan dut, baita ETB2n eta gaztelaniaz emititzen badute ere.

Izenak bestelakorik iradoki zezakeen arren, klimatikoa da jorratzen duen aldaketa. Klimatikoa, eta, horrekin batera, gizartean eta ekonomian izango dituen oihartzun orotarikoak. Atal bakoitzean sektore edo alor batean jartzen du fokua horretarako: itsasoa, nekazaritza, gastronomia... Egituraz-eta oso berritzailea ez bada ere, zehaztasun horretan dago saioaren ekarpena, aldaketa klimatikoa edo berotze efektua fenomeno abstrakto eta ia antzemanezin bat baino gehiago direla erakusten baitu: arrantzaleen jarduna nola aldatu(ko) den, orografiari nola eragin(go) dion edo elikagaien ekoizpena zenbat baldintzatu(ko) duen. Adituekin osatutako mahai inguruak gidatzen du saio bakoitza, baina, halaber, lan eremu askotako profesionalak elkarrizketatu dituzte.

Ahots erradikalagoak eta optimista konserbadoreak tartekatu dituzte hala, iritzi kontrajarriak erakusteko beldurrik gabe. Edonola ere, argazki orokorra epelegia dela pentsa dezake baten batek, barkaberegia dela kapitalismoak duen ardurarekin. Gedar Telebistak Glasgowko gailurraren harira egin berri duen Burdin Hesia saioaren atala ikusita oreka dezake sentipen hori: aldaketa klimatikoaren eraginak aipatzeaz gain, ekonomia berdearen hipokrisian arakatu dute. Berritasun gisa, Mikel Izturietaren Fridays For Future mugimenduko ordezkari ohiaren bakarkako elkarrizketa gehitu dute, gainera.

Bi abiapuntu ideologiko kontrajarritatik egindako saioak dira, baina —zutabe berean sartuta— balio dute ondorio bateratu baterako: arazoaren dimentsioak ukatzetik, aurre egiteko egin behar diren aldaketen erradikaltasunaz eztabaidatzera igaro gara. Bada aldaketa hori bera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.