Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Amatasuna

2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Aspalditik dakit ez dudala ama izan nahi. Erabaki hori hain argi izateak eztabaida asko ekarri dizkit, eta oraindik gogoan dut duela bost urte ama den ezagun batek esan zidana. Haren ustez, urteak pasatu ahala, eta bikotekidea izaterakoan ideiak aldatuko nituen, eta ama izango nintzen. Bost urte pasatu ostean, ez naiz ama eta hori bihurtzeko gogoak berdin jarraitzen du, neure burutik oso urrun.

Emakumeen historia aztertzen badugu, amatasuna erabakitzea pribilegio bat da. Duela hamarkada batzuk emakumeak derrigorrez ama izan behar ziren. Gizarteak gaizki ikusten zituen ama ez ziren emakumeak, batez ere gizon batekin ezkonduak bazeuden.

Gaurko errealitatea eta duela hamarkada gutxitako historia uztartzen ditu The Baby (HBO Max) telesailak. Protagonista Natasha da eta ez du ama izan nahi. Bere inguruan lagun gehienak ama dira edo laster izatekoak dira. Egoera horrek hiritik ateratzea bultzatuko du, bere bizitzarekin ondo ari den argitu dezan. Bidaia horretan ezusteko latz bat izango du, eta hortik aurrera, ikara sortzen duen ume baten ardura hartu beharko du.

Ume protagonistak beste emakume batzuk hil ditu Natasha ezagutu baino lehenago, baina ez dakigu zergatik egin duen. Umearen aurpegi onaren atzean, beldurrezko istorio latz bat daukagu. Ume horren ama lesbiana zen, eta ez zuen bere senarrarekin jarraitu nahi. Haurdun zegoela, etxetik ihes egin zuen bere maitalearekin. Bere senarrak, aldiz, emakumea aurkitu zuen eta haurra erditu arte etxean eduki zuen giltzaperatua.

Amatasunaren gauza latzenak erakusten ditu telesailak; batez ere, ama ez garenontzat. Besteak beste, pixoihalak aldatzeak, ama taldeak eta umea negarrez une oro egoteak urduritasuna eragingo dio protagonistari. Ama ezin izan direnen beldurrak agerian geratuko dira baita ere Natasharen ahizparen pertsonaiaren bidez.

Lagun baten gomendioz hasi dut telesaila, eta, egia esan, bi egunetan ikusi ditut HBO Maxen dauden zazpi kapituluak. Azkeneko atala hurrengo astean egongo da ikusgai. Gakoa da amatasunaren inguruan ikarazko komedia bat egitea posible dela. Beldur gutxi pasatu dut telesaila ikusten, eta uste dut patriarkatuari kritika aparta egiten diola. Hori bai, nire ama izateko gogoa uste dut gehiago urrundu dela telesaila ikusi ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.