gorka julio
EKOGRAFIAK

Hackqueer

2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hypeen munduan bizi gara, espektatiba antzu eta puztuak proiektatzen ditugu eta teknologiaren berrikuntzak ezin harrapatu ahal ditugun sentsazioa handitzen doa. Lasai, dena da gezurra!

Kapitalen transatlantikoek ez dakite non inbertitu beren irabazi tasa mantendu ahal izateko. Bueno, bai, bizitza sortzen duten esparruan gogor ari dira: etxebizitza, elikadura, energia, lurra... Baina bitartean hurrengo pelotazoa sortzeko lanetan ere ari dira.

Teknologiaren alorrean, langile askoren kaleratzeak gertatzen ari diren bitartean, hurrengo burbuilarako prestatzen ari dira. Enpresa handietan gertatzen ari diren kaleratzeak, enpresa horien inbertsioak egiteko posizioa hobetzeko helburua dute.

Metabertsoa zen etorkizuna, aurretik kriptoa, adimen artifizialarena da orain eta hurrengoa konputazio kuantikoa. Non inbertitu, emaitzak emateko adinako dirua lortu ahal izateko. Hor dago gakoa, eta bilatzen ari direna. Gehiegizko esposizioaren garaia da teknologiarentzat, eta ez du uzten teknologiari buruzko irakurketa kritiko eta pausatu bat egiten. Teknologiak berak jainko itxura hartu du edo hori pentsarazi nahi digute.

BeƱat Jimenezen (@jimakker) hackerraren hitzaldi batean egoteko aukera izan nuen. Gauza polit askoren artean, bat nabarmendu nahiko nuke: herri mugimenduari eskatzen dio herriaren interesen alde egingo duten informatikari edo teknologoak bilatzeko. Eta horiei, argi eduki dezatela herriaren interesean lan egitea enpresa horientzako egitea baino askoz baliagarriagoa dela konturatzea.

Esandako horrek guztiak zentzu guztia dauka. Ikusi dugu nola teknologian aditu edo informatiko foroetan, herriaren interesa tarteko ez denean, nola agertzen diren eskuin muturreko jarrerak. 4Chan bezalako foro teknologiko matxistetan topa ditzakegu Donald Trumpen edo Voxen aldeko hooligan handienak.

Horren ordez, hype teknologiko horren guztiaren aurrean, hackerrak behar ditugu. Edozer gauzaren aurretik gehiengoaren interesak jarriko dituzten teknologoak. Ez da beste aldarri bat; inoiz baino gehiago, behar orokor bat bihurtzen ari da. Bi dei garrantzitsu izan ditut azken astean: hezkuntza mundutik bat eta sindikatuen aldetik bestea, bietan ezagutza horien beharra azpimarratzen zuten. Zuen kolektiboetan teknologo, hacker edo hackqueer bat behar duzue. Bilatu bat, eta aurkitzen duzuenean, hori bai, zaindu ezazue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.