Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'This is art'

2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Imajinatu hamabi ataleko telebista saio bat, dokumental formatua duena eta, eskuratuko dituen audientzia emaitzei arreta jarri gabe, dagoeneko atal guztiak grabatu dituena. Helburua: artea lantzea emozioen bitartez. Hori da, hain zuzen ere, La2eko This is art (Hau artea da) izeneko saio berriak eskaintzen duena. Ramon Gener telebistako aurkezle eta musika dibulgatzaileak zuzentzen du, eta joan den igandean estreinatu zuten lehendabiziko atala (20:30ean): Jakin-mina. TVEko A la carta zerbitzuan ikusi dut nik (gozamena da, ETBko Nahieranekin alderatuta behintzat).

Sare sozialetan oihartzun zabala izan du programak; #ThisIsCuriosidad etiketaren azpian iruzkin politak irakur daitezke. Oro har, haurrekin ikusteko saioa dela esango nuke. Berrogeita hamar minutu inguruko atalean, haurrak zein helduak baitira protagonista nagusiak. Antoine de Saint-Exupery idazle eta hegazkinlariaren Le petit prince (Printze txikia) liburuarekin hasi zen igandekoa, «denok dugulako printze txiki bat gure barruan». Horri «haur begirada» deitzen zaio. Bestela esanda, jakin-mina. Adituen arabera, artea sortzeko beharrezko elementua da; eta bereziki, haurtzaroan izaten den ezaugarria.

Haurrek sinpletasunean jartzen dute arreta. «Gauzen esentzian», Pablo Picasso margolari esanguratsuaren hitzetan. Picassok kontzeptu hori landu zuen El toro izeneko sekuentzian, kasurako. Ikusten zituenak bere horretan marraztu beharrean, imajinatzen edo amesten zituen bezala margotu zituen, hain zuzen ere. Saioaren aurkezleak haurrekin egin zuen ariketa bera, Picassoren teoria azalduz eta aurrealdeko zelaiko ardiak margotzeko eskatuz. Ondorioa garbia da: jakin-minaren oinarrian galderak daude. Zergatik izan behar dute ardiek zuri kolorekoak? Erantzunak —edo artelanak—, berriz, galdera bezain irekia izan beharko luke adituen arabera: arrosak, urdinak, beltzak...

Haurtzaroa da galdera gehien egiten ditugun bizitzako garaia, eta galdetzeari uzten diogu, berriz, heldu bilakatzean. Laburbilduz, «zeruaren kolorea urdina dela onartu eta jakin-mina galtzen dugulako». Horregatik, saioaren arabera, ez genuke hain azkar heldu bilakatu behar. Izan ere, artista inoiz hazten ez den haurra da; edo heldu izateari uzteko erabakia hartu duena, berriro haur izateko. Picassok egin zuen bezala, zehazki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.