Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Askatasuna vs elkartasuna

2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Duela lauzpabost urte ETB2n arratsaldeetan bezala, Klaudio Landa etxeko egiten da orain ere, gauero astelehenetik ostegunera, ETB1eko Eztabaidan saioan. Hunkituta malkoei eutsi ezinik ikusi dugu, bere buruari barre egiten maskara alderantziz janzteagatik edo beste edozergatik, gonbidatuei harpa jotzen, elkarrizketatuei animoak ematen... Hari begira, ahaztu egiten zaio ikusleari bien artean kamera bat dagoela. Ez ninduke harrituko Eztabaidan amaitu arte sofan kaleko arropak jantzita esertzen den ikuslerik izatea, gero, gure Klaudiok etxetik alde egindakoan, orduan bai, pijama janzteko.

Saioaren arduradunek besterik nahiko zuten baina, ezinbesteak hartaratuta, COVID-19aren pandemiari buruzko Euskal Herriko zein mundu osoko azken albisteak ezagutzeko tresna egokia bihurtu da Eztabaidan saioa, baita COVID-19aren inguruan Euskal Herrian zein munduan sortutako azken anekdotak, istorioak, dramak eta tragediak ere. Ziur etxe askotan erreferentzia garrantzitsua dela gaiari buruz informatuta egoteko.

Bada, ordea, Eztabaidan saioa jasotzen ari ez den errealitate bat: COVID-19aren aurkako neurrien gaitzesle erabatekoena. Ez naiz ari gobernuek eta Labik hartutako neurriak kritikatzen dituztenei buruz, dena faltsutzat jo eta txertoa ere arbuiatzen dutenei buruz baizik, beraiek hala nahi gabe negazionista deitzen dietenei buruz, alegia. Isilarazita daude, ez bakarrik Eztabaidan saioan edo ETBn, bistan da, hedabide guztietan baizik, edo ia guztietan, eta hala salatzen dute, haserre, aukera ematen dieten leku urrietan, sare sozialetan edo beren agerkari digital ez profesionaletan.

Zentsura da? Askatasunaren aurkako erasoa? Bai. Ez genuke lotsarik izan behar aitortzeko. Ezta zentsura hori, askatasunaren murrizketa edo ukazio hori, argudio sendoz defendatzeko ere. Bidezkoa da? Ez daukat erabateko erantzunik. Erantzuten zailak diren galdera asko ekarri dizkigu pandemiak, zientzian ez ezik beste arlo askotan ere, eta horietako bat komunikazioarena da. Denoi eragiten diguten galderak dira. Gauden egoeran, esandakoaz damutzeko arriskua hartuz, zilegi irizten diot komunikabideen jokabideari, batzuen askatasuna murriztea erabaki baitute, kalteberenekiko —eta, funtsean, herritar guztiokiko— elkartasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.