Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Legez kanpo eta desobedientziatik

2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Galdera bat eginez eta galdera horri erantzunez arrazoitu zuen Interneteko Argia sariaren epaimahaiak aurtengo ekitaldiko sariduna Euskal Encodings izango zela erabaki izana: «XXI. mende honetan gu guztion bizitzan eragin zuzena duen eremu garrantzitsurik bada, hori ikus-entzunezkoen mundua da. Baina, zer egin dezakegu euskaldunok erdara hutsean mintzo diren Netflix, Amazon, Filmin, HBO erraldoiek edo Youtubeko eta telebistako milaka kateek osatutako armadaren parean?», zen galdera. Erantzuna, berriz, honako hau: «Bada, hasteko, euskaraz sortzen diren film, telesail, marrazki bizidun eta ikus-entzunezko oro sustatu eta munduko euskal komunitate guztiarentzat eskuragarri jarri».

Zehaztapen bat egin beharra dago hala ere erantzun horri: euskaraz sortzen diren film, telesail, marrazki bizidun eta ikus-entzunezkoek ez ezik erdaraz sortu eta euskaratutakoek ere badute lekurik Euskal Encodings atarian, hainbat euskaltzalek musu truk egindako azpitituluen bidez kasu askotan. Esaterako, une honetako ikus-entzunezkorik entzutetsuena, Oscar sarietako laudatuena eta zinema aretoetako preziatuena, Chloe Zhaoren Nomadland filma, euskaraz azpidatzita ikusteko aukera eskaintzen du Euskal Encodings-ek, auzolan horretan ekarpen hori egin duen kide bati esker, Urtzi Urrutikoetxea kasu honetan.

Aukera horren berri ematearekin batera, Euskal Encodings-en berri eman zuen Urrutikoetxeak berak BERRIAn bere iganderoko tartean, gogoratuz Nomadland euskaraz ikusteko aukera hori, beste erremediorik ez eta, «legez kanpo» eta «desobedientziatik» eskaini behar izan duela Euskal Encodings-ek, euskararen historian beste hainbat eta hainbat aukera eskaini izan diren bezala. Interneteko Argia saria horretarako bultzada egokia izan bazen ere—askok sariari esker izan zuten lehen aldiz Euskal Encodings-en berri—, irudipena dut ez dela behar bezain ezaguna eta erabilia ataria. Eskaintzaz gain, promozioa ere funtsezkoa baita gaur egun ikus-entzunezkoen munduan, eta Euskal Encodings ez dago arlo hori taxuz lantzeko moduan, bitarteko faltagatik ez ezik, pentsatzen dut, lege aldetik duen egoeragatik ere.

Bere alde onak ere izango ditu, noski, honek guztiak, bere xarma, baina... beti horrela ibili beharra ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.