Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Plazeraren bila

2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Plazeraren inguruan hitz egiten denean, askotan jakin gabe egiten da. Emakumeen plazera tabua izan da askotan, eta oraindik ere, espazio publikoan zaila da horren inguruan hitz egitea. Azken urteetan, zineman, literaturan eta musikan emakume gehiago ikusten ditugu beraien plazeraz hitz egiten, baina oraindik asko egiteke dago. Tabu horren aurka egin nahi du The Principles of Pleasure telesail dokumentalak (Netflix). Hiru kapituluetan emakumeen sexualitatea aztertzen da hainbat ikuspuntutatik.

Asteartean esan nuen bezala, Netflixekin krisian nago. Plataforma horretara iristen diren berritasunek interes gutxi pizten didatela esan nuen, baina oraingoan mundu guztiari gomendatu nahi diodan telesail dokumentala aurkitu dut. Gure gorputza maitatzeko eta plazera sentitzeko dugun gaitasuna pizten duen dokumentala delako. Dokumentalean adituen ahotsak jasotzen dira, eta guztiak emakumeak izatea azpimarratzeko eta txalotzeko ekintza da. Horrez gain, beraien sexualitatea nola bizi duten kontatzen dute hainbat emakumek. Andre heterosexual, bisexual, lesbiana, transexual edota ez bitarrekin hitz egin dute lan horretan. Horrek plazeraren eta sexuaren ikuspuntu ezberdinak erakusten ditu.

Gai anitz jorratzen dira hiru kapituluetan, baina nabarmentzekoa da zein argi azaltzen duten emakumeek plazer askea izateko eduki dugun askatasun falta. Emakumeok orgasmo bat izateko dauzkagun zailtasunak azaltzen dira, eta estatistikek diote emakume batzuek inoiz ez dutela izan orgasmo bat. Adierazgarria da ere emakume askok sexuarekin arazoak izan ditugula. Esperientzia deseroso edo traumatikoren bat jasan dutela aitortzen dute dokumentaleko emakume gehienek. Sexua izaterakoan ezetz esateko beldurrez utzi egin direnak, presio sozial edo estetikoengatik beraien gorputza desiragarri sentitu ez diren emakumeak, eta bestelako erasoak jasan dituztenak.

Dokumental horrek emakumeen gorputza zentroan jarri nahi du. Aditu gehienek argi dute emakumeek orgasmo gehiago izango bagenitu, gure osasun arazo batzuk gutxituko liratekeela. Horretarako ikerkuntza gehiago beharko genituzke, baina momentuz traba asko jartzen ari dira ikerkuntza zentro askotatik. Bitartean, emakumeek gure plazerarekin esperimentatzen jarraitu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.