EKOGRAFIAK

Igandea zertarako

Lander Arretxea.
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Igande arratsalde ajetsuak zer ote diren, asteburuaren amaiera, edo kontrara, datorren aste gogorraren hasiera. Horra galdera. Zer hautatzen den, halako helburuen zerbitzura jartzen dugu zazpigarren eguna. Asteburua zukutu nahi bada, mendi buelta, bazkaria, kontzertua eta kontzertu osteko trago parea daude menuan. Aste hasieraren usaina antzemanez gero, aldiz: sofa, manta eta —litekeena da— etxeko atariraino baten batek bizikletan ekarritako jaki koipetsuak. Horri guztiari laguntzeko osagai perfektua da telebista, zer esanik ez pentsatzeko ahalegin handirik eskatzen ez duen zerbait ikusteko bada.

Buruari lan handirik eman nahi ez zaionean, nostalgia da formula eraginkorrena. Horregatik jotzen dugu askok jada lauzpabost aldiz ikusi ditugun edukietara. Marvel, Pixar, Disney... Joan den igandean, Toy Story ikusten hasi nintzen ni. Gozagarria izan zen mantapeko ikustaldia, baina, batez ere, animazioen kalitateak eman zidan atentzioa. Hogei urte baino gehiago igaro direnez gero, ez luke inor harritu behar, baina orduan hiperrealistak ziruditen efektuek bideo joko bat dirudite orain. Are, egiantzekotasunean zenbait pauso harago iritsi diren bideo jokoak badira jada, eta ez gutxi. Begia azkar ohitzen da 3Daren aurrerapenetara.

Burua ez erabiltzeaz ere neka daiteke bat, ordea. Joko eta jostailuen mundutik atera gabe, Netflixen Trivial Quest probatzea otu zitzaidan gero. Koloreka multzokatutako galdera-erantzunetan oinarritutako betiko mahai-jolasa da, baina fitxak izaki bizidun bilakatuz, hala moduzko istorio epikoaren traza hartzen duena. Jokalariaren aukerak ohikoak dira, ordea: galdera ikusi eta hainbat aukeraren artean bat hautatzea. Atalkako garapenik ere apenas antzeman nuen, hiru osatu banituen ere.

Formatuak nolabaiteko arrakasta erdietsi du, baina berrikeriakagatik ez bada, zaila da ulertzen nola. Azken finean, eta Netflixen katalogoan badago ere, Trivial Quest horixe baita: animazioetan oinarritutako bideo joko sinplea. Eta bideo jokoen artean dagoen mailarekin alderatuta, oso baliabide eta konplexutasun eskasekoa, gainera. Sakelako telefonoetan izan ditzakegun jolasen antz handiagoa du. Telebista interaktiboak irudimen eta baliabide gehiago beharko ditu gure igande arratsaldeak bereganatu nahi baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.