Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Jogurta eta izozkia

2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Hau ez da publizitatea, zin dagit. Baina irudi lezake. Gogoratzen dituzu Cornetto markako izozki horiek? Kukurutxo formakoak, banillazkoak, txokolatezkoak, marrubi zaporekoak. Berdin du zein. Denek konpartitzen zuten on-onak egiten zituen ezaugarria. Bukaera, edo azken errematea: txokolaterik sendoenez betetako barkillozko isatsa. Hain zen hori izozkiak desiragarri egiteko gako, ezen komunikazio kanpaina osoak eskaini baitzizkioten. Love the Ending lelopean amaiera zoriontsuko film laburrak ekoitzarazi zituen Cornetto etxeak. Zer, eta izozki gehiago saltzeko.

Kukurutxo horiek badute neurri batean —nahi duzun neurrian— bertsoen antza. Bai, behintzat, bertsokera klasikoarena. Bertsoa izan daiteke hobea, erdipurdikoagoa edo eskasa, baina puntu denetan azkena da arreta handien pilatzen duena. Gogoangarriena. Erremateak jario osoa salba edo kondena dezake, txokolateak nola. Txapelketari begira jarriz gero, badu beste parekotasun bat ere. Bertso saioak dira produktua edo mamia, baina Cornettoren aitzakian film laburrak ekoitzi ziren gisan, makina bat proiektu sortu da Txapelketaren txapelpean. Berezkoa eta Naturala bideopodcasta Argia-n —lau urteroko tradizioari jarraipena emanez, baina formatu berriarekin eta gaztetuta—. Txapelpekoak podcasta, Puntu morea bideobloga eta Jarri Titularra bideo sorta BERRIAn. #10garrena podcast distopikoa EITBn. Eta nola ez, baita Hitzetik Hortzera saioaren jarraipena ere.

Kontua da, Cornettok, txokolatez betetako barkillo isatsen arrakastaren jakitun, pauso bat gehiago eman zuela. Absurdoraino, pentsa dezake baten batek. Punta edo isats horiek saltzeari ekin zion, galleta formatua emanda. Izozkiaren zati onena, baina dagoeneko izozkirik gabe. Eta horretan ere, nahi bada, badago txapelketekin parekatzerik. Erdi-nahigabe bada ere, halaxe ari bainaiz ni —eta susmatzen dut, baita zenbait ere—: goian zerrendatu ditudan proiektu horien guztien aleak dastatzen, baina (oraindik eta oraingoz) bertso saiorik —are, bertsoaldi osorik— ikusi gabe. Garaiko bertsolarien kronika errimatuetara jotzen da maiz, aspaldiko gizarteen nondik norakoak ezagutzeko. Litekeena da: egin diren ikus-entzunezkoetan jarriko dugu begia, Bertso Txapelketa Nagusiak nola ote ziren argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.