Parez pare berriz ere

Urrizak eta Barrenetxea VI.ak Masterreko finala jokatuko dute gaur

Javier Urriza eta Endika Barrenetxea, asteartean, finalerako pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Klasikoa bihurtzekotan da: Javier Urriza eta Endika Barrenetxea parez pare buruz buruko final batean. Aurrelari iruindarrak eta atzelari hernaniarrak elkarren aurka jokatu zuten Kutxabank Banakako Txapelketako finala iazko irailean. Barrenetxea IV.ak estreinakoz jantzi zuen txapela, Urrizari 30-27 irabazita. Bost hilabete eskas geroago, bi erremontista horiek ariko dira berriro nor baino nor gehiago buruz buruko beste txapel bat bereganatu asmoz: UTS Master txapelketako, hain zuzen. Gaur jokatuko dute finala, Galarretako frontoian (16:00, ETB1).

Faboritorik gabeko finala da, hein handi batean, Barrenetxea IV.ak sabaia hautsi baitu. Urriza zen sabai hori, nafarrak nagusitasunez irabazi baitzion azkeneko banakakoaren aurretik elkarren aurka jokatu zituzten bi finaletan: 2016ko buruz burukoan (30-21) eta 2018ko Masterrean (30-19). Baina, azkeneko buruz burukoan gailenduta, gipuzkoarrak aurrerapauso bat eman du. Bide horretan beste urrats bat egin nahi du gaur, Masterreko txapela lortuta. Lehena luke.

Urrizak, aldiz, seigarrena luke, laugarrena jarraian. Aurrelariak kolpea hartu zuen buruz buruko zazpigarren txapela gabe geratuta. Urtea amaitu aurretik, ordea, apur bat arindu zuen mina, Iban LarraƱagarekin binakakoa irabazita. Final horretan ere Barrenetxea IV.a izan zuen aurkari. Gaur, berriro izan nahi du nagusi.

Biek argi dute nola jokatu

Urrizak eta Barrenetxea IV.ak espero zena bete dute finalera iritsita, txapelketa aurkeztu zen egunean haiek jo baitzituzten faboritotzat. Hala ere, biek ala biek sufritu egin dute finala jokatzeko. Batek zein besteak izerdia bota behar izan zuten finalerdien galbahera pasatzeko: atzelariak estu antzean hartu zuen mendean Imanol Ansa (30-25); aurrelariak, berriz, gorriak ikusi zituen Endika Urrutiaren aurka nagusitzeko (30-28).

Argi geratu ziren bien asmoak finalerako piloten aukeraketan. Barrenetxea IV.ak sakearekin min egiteko materialaren alde egin zuen. Hori eginez, aurreko koadroetan piloteoa saihestu nahi du. Urrizak, berriz, erremontean ondo sartzen diren pilotak hautatu zituen. Biak ados azaldu ziren saskian topatutako materialarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.