Donostiako 68. Zinemaldia. Zinemira

«Epaitzea erraza da, baina hor egon behar da, bizitzarekin borrokan»

Madrilgo kaleetan bizi diren hiru lagunen istorioekin osatu du Ekain Irigoienek 'Hijos de Dios' filma

Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu du Ekain Irigoienek Hijos de Dios lana. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
«Barkatu, jarriko koñak bat, eramateko?». Javier Lea Cano, Madrilgo taberna bateko leiho ondoan, makulua mahai kontran, kafesnea edan, egunkarian hizki zopak bete eta lagunari eramateko tragoa eskatzen. Mariano Lopez de la Isidra da laguna, zaharragoa, bizitzak zarpailduagoa, baina bera bezala kalean bizi dena: «Alkoholismoa erabili behar dut pixka bat pertsona izateko», aitortza. «Ondo jartzen naizenean, gai naiz Rajoyrekin hitz egiteko, Felipe Gonzalezekin, Fidel Castrorekin. Eskerrik asko botika ekartzeagatik, edo dinamita». Haiek dira, Maria Jose Sarabiarekin batera—filmatu bitartean hil zen—, Hijos de Dios film dokumentaleko protagonistak. Ekain Irigoienek (Donostia, 1981) zuzendu du, hark jaso ditu euren bizitzako istorioak, baina lana haiena da Irigoienentzat. «Beraiek egin dute pelikula, eta beraientzat egina izan da».

Donostiako autobus geltoki zaharraren ondoan bizi zela, etxe aurreko bankuan lotan hasi zen gazte batek piztu zion etxegabeez aritzeko lehen bulkada Irigoieni. New Yorkeko kaleetan bizi direnen erreportaje bat ere heldu zitzaion eskuetara gutxira, eta hor hartu zuen filma egiteko erabakia. Madrilera joaten hasi zen —hiri handiagoetan egoera horien krudelkeria handiagoa den ustean—, eta FACIAM zentroaren bitartez hasi zen kontaktuak egiten. «Protagonista bila hasi nintzen, ez ohiko casting bat eginez, haiekin egunak pasatuz baizik; eurekin lo egin, bazkaldu...». Hasi eta bi hilera ezagutu zuen Lea, filmeko protagonista, eta hark aurkeztu zizkion Lopez de la Isidra eta Sarabia. Narrazioa egituratzeko behar zuen hirukoa: «Kalean bizi direnen bizitza nahiko estatikoa izaten da, eta hiruko horrek eman zidan istorioa mugitzeko aukera». Etxegabeen zaku sarri berdinduan askotariko istorioak eta pertsonak daudela erakusteko ere balio izan dio, eta hiruretako bat emakume izatea ere azpimarratu du. «Interesatzen zitzaidan hori. Emakumeen bizitza oro har zailagoa bada, kalean dagoen jendearen artean are zailagoa da».

Hilabete luzez Madrilera bidaiatuz eta haiekin bilduz segitu zuen Irigoienek, «intimitate maila handi bat» sortu guran. «Banekien hori izango zela proiektua ongi ateratzeko gakoa». Proposamena hasieratik gogo onez hartu zutela dio zuzendariak, «jolas serio bat» bihurtu zutela prozesua. «Bost urteko filmaketa luzea lagun arteko egun pasak balira bezala hartu dugu. Momentu oso politak pasatu ditugu, barre asko egin dugu, baina momentu gogor asko ere izan dira». Funtsean, euren buruak interpretatzeko eskatu die Irigoienek. Modu bakarra hala zela dio, eta horregatik egin dutela talde txikian lan, argiztapenik gabe. «Gu ere beraien parte izaten. Neurri batean, noski; gu gero hotelera bueltatzen baikinen». Gidoirik gabe aritu dira lanean, pertsonaiak bezala, gertakizunak ere «benetakoak» izatea nahi baitzuen zuzendariak. Saiatu da bere pintzelkadak ere sartzen, egiten ari ziren horrek gero zineman «funtzionatu» behar zuela gogoan. «Beraien bizitzetatik erakustea nahi nuen hori erakuts zezaten bultzatzen nituen elkarrizketak. Askotan joaten nintzen sekuentzia konkretu baten bila, eta hobeak ziren beste hiru ekartzen nituen. Ni saiatu naiz beraiek zuzentzen, baina uste dut, berez, pelikula beraiek zuzendu dutela».

Izenburura eraman du jainkoaren aipamena Irigoienek, eta erlijioaren funtzioak eman lezake zer pentsatua filmean. «Lagun batek esaten du hori, denok garela jainkoaren seme; baina batzuk badirudi ez direla». Lea bera babes bila agertzen da elizan filmeko zenbait momentutan. Irigoien: «Beraien kartekin jokatu izan bagenu, gutako asko ez ginateke euren egoeratik hain urrun egongo. Epaitzea erraza da, baina gero hor egon behar da, bizitzarekin borrokan».

Begiradak berdintzea

Bisualki ere horrekin jokatu nahi izan du Irigoienek. «Kalean bizi den jendea normalean goitik behera ikusten dugu, haiek lurrean eta gu zutik. Horregatik dago kamera beti begien alturan edo beherago, begiradak berdintzeko». Teknika aldetik soila da emaitza, erakustaldirik gabea. «Gertutasun lan bat izan da. Dena txukun egon zedin saiatu gara, baina kaleak mozten eta foku handiak jartzen hasi izan bagina, ez genuen lortuko eurak eroso egotea, dauden bezain natural agertzea».

Larunbatean aurkeztu zuten filma. Lea Irigoienen ondoan izan zen. «Oso pozik zegoen, ni oso urduri. Sarrera guztiak salduta zeuden, bizitzaren paradoxak zer diren: aurrean ditugunean ez ditugu ikusten, eta batean bagoaz denok kontatzeko dutena begiratzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.