gorka julio
IRLEN SAREA

Normaltasunera buelta

2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan Googleren zerbitzu gehienak une batez erori ziren, ia ordubetez. Erorketak bakoitzarengan sortutako eragina desberdina izango zen, zerbitzu horrekiko dugun dependentziaren tamainakoa.

Era guztietako eragina izan zuen zerbitzua eteteak. Zenbait tokitan, lana geldiarazi zuen, Driveko fitxategiak eta Gmail posta elektronikoa ezin erabili ibili zelako jendea. Bereziki larria izan zen administrazio publikoari edo hezkuntzari lotutako lanpostuetan. Erakunde horiek sistema propioak izaten badituzte ere, batzuetan ez da benetan horrela izaten, edota langileek extra ofizialki beste zerbitzu horiek erabiltzen dituzte.

Edozein kasutan, denbora tarte horretan norbanako gisa nola bizi zenuten galdetu nahi dizuet. Zuentzako egun arrunt bat izan bazen, beharbada pozik egoteko modukoa da. Akaso, beste zerbitzu eta tresna batzuen erabiltzaile zarete, eta agian horiek libreagoak dira. Edo, benetan beste tresna batzuk erabiltzen dituzuen arren, antzekoak dira eta hurrengoan zuen txanda izan daiteke.

Interesgarriagoak dira eragina pairatu izan zutenen artean egon diren jarrera ezberdinak. Teknologian erabiltzen diren bi terminoetan laburtuko ditut: batzuek glitch moduan ikusi zuten, eta beste batzuek, bug bat balitz bezala.

Glitch baten moduan ikusi zutenak lehenik. Glitch bat programa edo sistema batean gertatzen den arazo txiki bat da; normalean, ez du funtzionamendua guztiz eteten, edo ez behintzat bere funtzio garrantzitsuenetan. Matrix-en bezala, dejavu bat bizi izan balute bezala. Hausnarketarako aukera bat izan liteke batzuentzat, baina gehienentzat ia oharkabean pasatzen den gertakaria da.

Beste batzuk aldiz, bug baten moduan bizituko zuten. Bug bat arazo larria izan ohi da, edo behintzat konpondu beharrekoa, programaren beraren funtzionamendu egokia eteten duelako. Inoiz gertatu ezin zuen zerbait gertatu izan balitz bezala bizi izan zuten. Google inoiz eroriko ez den, erori ezin duen sistemaren akatsa ulertu ezinik, bizkor konpondu beharreko zerbaiten moduan, alegia. Horrela bizi izan zutenek gelditu eta hausnarketarako tarte bat hartu beharko lukete, baina posta elektroniko berri bat iritsi berri zait Gmailera, Driveko lotura bat barruan duela... Normaltasuna bueltatu da; Eskerrak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.