gorka julio
IRLEN SAREA

Whatsappen txantajea

2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Noiz hasten gatzaizkio honi txantaje deitzen? Milioika pertsonek erabiltzen duten aplikazio zentralizatu eta pribatu batek milioika pertsonen komunikazioak arautzeko eskubidea lortu nahi du. Whatsappek bere politikak aldatu ditu, eta hari datuak erabiltzeko baimena emateko horiek onartzera behartuta zaude orain.

Aplikazio batek edo zerbitzu batek arrakasta duenean, milaka pertsonek erabiltzea lortzen denean eta gehitzen den bakoitzeko balio gehiago eskuratzen duenean, horri sare-efektua deitzen zaio. Berez, ona dirudien gauza bat, zentralizatzailea den entitate pribatu baten esku badago, Whatsappen kasua, txarra bihurtzen da automatikoki; eskuratzen duen boterea komunikazioa ahalbidetzetik harago doanean bereziki. Orain arte eskura zitzakeen datuak ezkutuan ez erabiltzeko baimena da Whatsappek eskatzen dizuna. Hau da, lehen datu horiek bazituen, baina era esplizituagoan erabili nahi ditu. Horri txantaje deitzea gogorregia iruditu ahal zaio norbaiti, baina pentsa: ikusten dituzu telekomunikazio enpresak zuen komunikazioetako edukia edo metadatuak erabiliko dituztela eskatzen eta egiten ez baduzue linea mozten? Ez, ezta?

Gure datuekin oraindik ere gehiago trafikatzeko legeak «baimena eskatzera» behartzen die, eta ia horretara bakarrik. Lege horiek ez dute erabiltzailea babesten; askorentzat zilegi ez dena legal bihurtzen dute soilik.

Nork geldituko ditu? Milaka harreman eta kontaktu kudeatzen dituen aplikazio bati beste maila bateko kontrola ezarri behar zaio. Beste aplikazio batzuekin hitz egitera behartu beharko litzaioke behintzat. Whatsapp komunikazioa ahalbidetzeko tresna soila balitz, komunikazio hori era errazen, pribatuen eta hobekien egiteko pentsatua egon beharko luke. Soilik ezinbesteko datuak erabiliz, eta ez datu harrapakari bihurtuta. Datuekin egin dezaketena askoz gehiago murriztu beharko litzateke. Ezin da milioika pertsonen datuekin horrela trafikatu.

Oraindik «nire datuek ez dute ezer balio» edo «ez erabili orduan; zure aukera da» diotenei mezuak: begiratu munduko aberatsenen 2020ko zerrendan aplikazio horien zenbat jabe topatzen dituzun; bestetik, harreman eta sareekin lotutako erabakiak inoiz ez dira indibidualak. Eskubideak bezala, kolektiboak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.